Noiztenka berez doana oroitaraztea ez dago gaizki: ni ez nau Poliziak zaintzen, nire ahizpek* bai. Nola zaindu nazake sistema bere horretan iraunarazteko funtzioari segi dabilen uniformedun horrek? Bizitza gehiegiren bazterketan eta esplotazioan oinarriturikoa da daukagun antolaketa zisheteropatriarkal kapitalista koloniala: emakumeak*, papergabeak, herritar kolonizatuak, transak, desgaitu sailkaturikoak, putak, bollerak, lumadunak, arrazializatuak, lodiak, langabeak, etxegabeak, Hego Hemisferiokoak… Nekez iraun daiteke mundu trakets honetan elkartasunik eta alternatibarik gabe.
Aliantza feministaren deia ozenki oihukatu zuten milaka eta milaka herritarrek larunbatean. Aliantza eta ausardia. Beharrezkoak ditugulako, batez ere berriz ere faxismoaren gorakadari aitzina egin behar diogun garai arraro honetan. Aliantzak eta ausardia, beti ere dantzari lekua eginda. Kantatu, maitatu eta dantzatu ezin bada, ez delako gure iraultza.
Argazkia: Dani Blanco – ARGIA CC-by-sa
Testua: Jenofa Berhokoirigoin