Jubilatuen martxa batek ez zuen inoiz halako eraginik izan, eta martxoaren 12koa zapaltzea erabakia zuen gobernuak. Hala, protesta hasi baino ordu eta erdi lehenago, Polizia Federalari manifestarien kontra egiteko agindu zion. Deialdi masibo eta zabala zen: ehun bat erakunde, artistak, futbolzale taldeak, sindikatuak… Denak murrizketen, langileen kaleratzeen, hezkuntzaren, zientziaren eta osasun publikoari emandako kolpeen kontra. Birala egin den eszena batek islatzen du hobekien erantzun ofiziala: Poliziaren ur kanoidun tanketa batek, manifestariak jazarri bitartean, ondokoa zioen bozgorailuetatik: “¡Vengan zurdos!“ (Zatozte ezkertiarrak!). Javier Mileiren esaldi gogokoenetako bat da, desberdin pentsatzen duenarekiko nagusikeria eta gorrotoa adierazteko. Zenbat eta txiroagoa eta (azalez) marroiagoa izan, hobe. Oraingoz erregimenak eusten dio, inflazioa jaisteak eragiten duen egonkortasun-sentsazioagatik, ekoizpen-sarea suntsitzearen kontura. Horren ondorioak epe ertain eta luzean ikusiko ditugu. Momentuz, oposizio politiko instituzionalaren ezintasunaren gainetik, kaleek aurrea hartu dute atzera ere.
Argazkia: Rodrigo Abd – AP
Testua: Axier Lopez
Neuk ez dakit kalea hartzea bada herritarrena. Zeren, zaplaztakoka ematea Mileiren zipaioak, ezker-ezkumin, lorpenetan ere, ez dago aurreratzerik, baina hori da bidea. Baieztaturik dago gizakia inosoa dena, kirtena, ia ulertzen dostazun. Eta bozka ostera be Mileiren tankerako beste bateri, zeren Milei kittaturik dago legealdi honegaz.