Bazekiten bazetorrela. Entzungor egin zioten. Eta ondoren lokatza elkarri botatzeari ekin diote, norbera zikinduta dagoela aitortu beharrean, bestea norbera baino zikinago dagoela esateko. Biziraupena da bipartidismoaren helburu nagusia. Valentziako gidaritzan turismo eta hotelen patronala dago negazionismo klimatikoaren txapeldunek lagunduta, zezenak “askatasunez” hiltzea kezka nagusi dutenak. Bost egunetara herri batzuetara laguntzarik heldu ez bada ere, “ibaiei presak kendu izana” da arazoa, lagun. Gobernutik kanpoko ultraeskuinak hegaka dabiltza, putreak nola, heriotza eta suntsipenaren gainean biraka. Errege-erreginen antzezlan dramatikoak egitera atera dira palaziotik zibilez mozorrotuta. Askotariko Juan Roig eta Susanna Grisoak mintzo dira. Guardia zibilak laguntzera joan dira, eta ehun lagun baino gehiago atxilotu… Dena da lohia, dena da kutrea. Dana. Baina nork jarri ditu hildakoak berriz ere? Ez dugu elkartasun txiorik edo 60 segundoko isilunerik behar. “Herriak bakarrik salba dezake herria” diote Herrialde Katalanetako lagunek. Eta egoerari begiratuta ez zaie arrazoirik falta, baina elkartasun keinuetara mugatuz gero, historiak sarri erakutsi digu emaitza: noraezean doan itsasontzian denok igota bagaude ere, lehenago salbatzen direnak lehen klasekoak dira. Prestige eta ondorengo PPren gehiengo absolutua gogoan. Palak hartu behar dira bai, baina urak eta lohiak dozenaka pertsona hil ostean alarma bidali zuten arduradunen hobi politikoak zulatzeko.
Argazkia: Biel Aliño / EFE
Testua: Axier Lopez