Asteazkenean, Libano ipar-ekialdeko Bekaa lautada bonba sionisten jomuga izan zen. 55 pertsona hil zituzten, tartean hainbat haur. Pertsonen buruez gain, eztandak Unescoren Gizateriaren Ondare den Baalbeken ere erori ziren, Ekialde Hurbileko aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenetakoa, mundu osoan hobekien kontserbatu den erromatar arkitektura inperialetakoa. “Eguzkiaren hiria” estali du suntsipenaren hautsak. Hango agintariek salatu dute leherketek eragindako bibrazioek eraikinen egitura kaltetu ahal izan dutela, eta bonben keak eta produktu kimikoek harriak degradatzen dituztela. Milaka urtetan Baalbekeko tenpluek arpilatzeak, lurrikarak eta gerrak jasan dituzte. Orain haien mehatxu berria “Ekialde Hurbileko demokrazia bakar” gisa saldu digutena da. Memoria suntsitzea herri oso bat zigortzeko manera zaharra da. Erromatar inperialistek ondo baliatu zuten hori munduan barrena; orain gizateriaren aurkako krimen hori perfekzionatu du inperialismo sionistak.
Argazkia: E. Ram / Getty Images
Testua: Axier Lopez