Bost hilabete daramatzate Madrilgo Cañada Real auzoko milaka bizilagunek argindarrik gabe. 150 egun baino gehiago instituzioen erantzunik gabe, “ezkerreko” gobernu baten agindupean. Etxebizitza eskuratzeko aukerarik ez duten edo etxebizitzaren merkatutik kanporatutako familia langile migratzaileek osatzen dute Europan den bizileku irregularrik handiena. Tartean, 1.812 adingabe. Urtetik urtera biztanleria handitu arren, bizi-baldintzek eta azpiegiturek 1960ko hamarkadan bezala jarraitzen dute. Baina nola justifikatu horrelako oinarrizko eskubide bortxaketa masiborik? Ezinezkoa litzateke errealitatea sinpletzeko kanpaina mediatikorik gabe. Euskal Herrian ere zenbait etxebizitza okupazioen harira, erabilitako ohiko estigma sorta haizatzen ari dira hedabide dependenteak: droga, ijitoak, musulmanak eta “elkarbizitza arazoak”. Arrazakeriak sortzen dituen diskriminazioaren alde guztiak (lana, osasuna, hezkuntza, etxebizitza…) biltzen dira ongi antolatutako astakeria honen itzalean.
Argazkia: Olmo Calvo
Testua: Axier Lopez