5 broken cameras Emad Burnat argazkilari eta kamera freelance palestinarrak egindako dokumentala da aurtengo Dokumental Onenaren Oscarra irabazteko bost izendatuetarik bat.
Zinemagintza, kazetaritza eta aktibismo politikoa uztartzen ditu lan honek munduko interes politiko eta geopolitikoen bidegurutze nagusian: Palestinan. Kontakizunaren kokapena Zisjordaniako Bil’in herria (Palestinako herri ezaguna, okupazio israeldarraren aurrean herritarrek gaur egun arte erakutsi duten erresistentzia gaitasunagatik) da eta dokumentalaren haria, Emadek 2010era arte izandako bost kameren bizitza laburra dugu. 2005ean lehen semearen jaiotza grabatzea helburu zuen kamera laster bere inguruan gertatzen zenaren testigu emaile bilakatu zuen. Israelgo armadak bata bestearen atzetik apurtzen dizkio kamerak eta honek bizkortzen du nekazaria kazetari aktibista bilakatzeko prozesua, filmean hain ongi islatzen dena.
Haren baserri inguruetan grabaturiko irudiekin zein auzo-lagunen testigantza zuzenekin, Emadek Palestinan Israelgo Estatuaren kolonizazio prozesua eta palestinarren lurraren espropiazio bortitzaren kontakizuna sortu du. Oso era gertuan kontatzen ditu, Palestinan izateko aukera izan dugunontzat entzun eta ikusitako ohiko gertaerak: nekazarien sostengu nagusia diren olibondoen suntsiketa, harresi bitartez lurra arian-arian zatitzea, buldozerren aurreko erresistentzia, Israelgo armadako kide gazteen harropuzkeria, palestinarren arteko komunitate zentzua… Gatazkaren ikuspegi orokorra lortzeagatik saria eskura dezakeen proiektu pertsonala, azken batean.
Aipamen berezia merezi du izendatuen taldea osatzen duen beste lan batek: The Gatekeepers (Europan Israel Confidential izenarekin ere zabaldu da). Emad Burnaten lanaren ispiluko beste aldea irudika lezake Dror Moreh zuzendariaren lan honek. Izan ere, bi filmek Palestina ardatz izanik, kasu honetan kamara atzean dagoena israeldarra da eta pantailan ikusiko ditugunak Israelgo Estatuko barrenak izango dira, nekazari palestinarren partez. Hain zuzen ere, dokumental hau palestinarren aurkako errepresio tresna nagusietakoa den Shin Bet, Israelgo Estatuko Zerbitzu Sekretuen erakundearen historia biltzen saiatzen da. Sei Egunetako gudatik gaur egunera arte igaro diren 4 hamarkadetan zerbitzu Sekretuen rola aztergai jarri nahi izan du zuzendariak eta horretarako erakunde honen goi kargudun egungo zein iraganeko kideak elkarrizketatu ditu, tartean Ami Ayalon Shin Beteko lehenengo burua.
Filmak lortu baditu testigantza harrigarri batzuk. Bi palestinarren hilketa agintzeagatik erakunde sekretuko zuzendaritza utzi behar izan zuen 85 urteko Avraham Shalom jaiotzez austriarrarenak. Elkarrizketaren pasarte batean aitortzen du, aho-bizarrik gabe, israeldarrak ez direla oso bestelakoak Belgika, Frantzia eta Txekoslovakia okupatu zituzten naziengandik.
Elkarrizketa eta artxibo irudien bitartez Palestinako lurren okupazioa, gaur egun arte luzatzen den guda zikina, Osloko akordioak, sionisten arteko barne-tentsio odoltsuak, Hamaseko buruen hilketa selektiboak edota 2. Intifadan palestinarrekin izandako negoziazioak hizpide ditu 95 minutuko lan honek.
Palestinako gatazka ikuspegi ezberdinetatik ulertu eta iritzi kritikoa sortzeko, bi euskarri interesgarri. Betiere, era kritikoan ikusi eta aztertu beharrekoak, jakina denez politikoki zuzena ez den inongo lanik ez baitauka sarbiderik, nagusiki, AEBetako lobby sionistaren eskuetan den Hollywood film-industrian.
2 Iruzkin
Saririk eraman ez arren oso interesgarria. Pozten naiz, izaera kritikoa sustatuz, haratago begiratu eta ikusten jarraitzen duzulako ikuspegi desberdinak eskainiz.
Atzo, hain zuzen ere, “5 broken cameras” dokumentala osorik ikusteko aukera izan nuen. Oso erraz ikusten da eta Palestinako gatazkaren aro berriena ulertzeko klabeak ongi islatzen ditu. Eszena batzuk ikaragarriak dira.
Eta Euskal Herritik ikusita, gainera, badugu zeresanik izan ere harresiaren aurkako protestaldi horietako batean EHan sona handia izan zuten Iruñeako joaldunen(http://gara.naiz.info/paperezkoa/20100605/203164/es/La-llamada-joaldun-Euskal-Herria-Palestina) parte-hartzea azaltzen baita.
Milesker zure hitzengatik!