Europar Batasunaren aurrean alternatibarik ez

Axier Lopez
7

Catastroika. Greziako gobernuak zein Europar Batasunaren agindu ekonomikoek herrialdean eragindako hondamendiari buruzko dokumental txukuna

Asteburu honetan plazaratu ditu Sortuk oinarri ideologikoen inguruko eztabaidaren emaitzak. Zenbait hilabetez luzatu den eztabaida prozesu honetan ika-mika handiena sortu duen puntua Europar Batasunarekiko jarrerari buruzkoa izan da ezbairik gabe. Asteburuan plazaratutakoak ondorio nagusi bat utzi digu: Euskal Herrian ez da indar politikorik Europar Batasunaren eredu kapitalistari aurre egiteko gaitasun eta proposamenik duenik.

Hego Euskal Herriko indar politiko nagusiei errepaso azkarra eginda hauxe da topatuko dugun panorama:

Ezker Abertzalea zen, beraz, indar politiko nagusien artean orain Maliko herritarrak bonbardatzen ari den kapitalismo eurozentristaren tresna honi “EZ!” zioen bakarra. Asteburu honetan, aldiz, jarrera hau aldatu da anbiguotasun eta zehaztasun ezari lekua eginez. Hauxe izan da aldaketa ideologiko honen prozesuaren laburpena.
Sorturen oinarri ideologikoen txosten ofiziala, hau da ezker abertzaleko zuzendaritzaren proposamen ofizialean, honela jaso zen 56. puntuan Europar Batasunarekiko jarrera:

“Herrien burujabetzan oinarritutako Europaren aldekoak gara. Horretarako trantsizioaren lehen fase batean Euskal Herria Europar Batasunaren barruan aitortutako Estatua izatea dugu helburu. Hor, beste herri batzuekin eta langileriarekin batera,orain kapitalaren zerbitzurako tresna den Batasun horren izaera iraultzeko lan egingo dugu.”

1987ko Europar Parlamenturako hauteskundeak Herri Batasunaren hautagaitzarekin elkartasunean Herrialde Katalanetan egindako kartela. “Nazio burujabe eta solidarioen Europaren alde” irakur daiteke leloen artean.

Esaldi gutxiko puntu honetan, Ezker Abertzaleak EBrekiko izandako jarrera kritikoari amaiera emateko bidea marrazten hasi zen; oinarri ideologikoei buruzko eztabaida bazen ere, Europar Batasuneko kide izateko erabaki praktiko bat proposatuta. Askok azpimarratu duten bezala, hautu estrategiko honek eskatzen duen eztabaida sakon eta mamitsua eman gabe erabaki da. Aurreikus zitekeen gisan, puntu honek emendakin eta proposamen alternatibo andana jaso zituen, denak Europar Batasuneko kidea izateko bideari ateak itxi eta EBrekiko jarrera kritiko argia adierazteko. Proposamen ofizial guztien artean aurkakotasun handiena piztu zuen puntua izan zen.
Halere,  aurkakotasun historikoa eta militanteen ekarpenak ez dira, antza, nahikoak izan zuzendaritzaren erabakia iraultzeko. Atzo argitaratu zutenez Sortuk hemendik aurrera defendituko duen ideia hauxe izango baita:  “Sorturen helburua Euskal Estatua Europan sortzea da eta euskal herritarrei galdetzea ea estatu hori Europar Batasunean integratu edo ez.” Hau da, hasieratik Europar Batasuneko kide izateko proposamenari ateak itxi bazaizkio ere, “Euskal Estatua Europan” esaldi zehaztugabea atera da garaile. EHBilduko zein ezker abertzaleko kideek azken urtean gai honen inguruko iritzia ematerakoan etengabean erabili izan dutena.
Eztabaida honek alde komikorik ere izan du. Esaldi horren esanahiaz galdetuta Ezker Abertzalearen erantzuna  arrazoi geografikoekin lotu dute, Euskal Herria Europan dagoela ohartaraziz.
Euskadi libre eta tropikala
aldarrikatzen duzuen horiek edota estatua Afrikan sortu nahi duzuenek zail izango duzue sortzaile izatea.
Honek ekarri zuen Sorturen azken batzarrean ondorengo bozkaketa surrealista egitea (55. puntuan): Europa hitza “Europar kontinentea”rekin ordezkatzea. Europa Europar Batasunaren sinonimo gisa ulertzeko asmoak uxatze aldera. Jarrera argi bat zehaztu nahi ez izateak dakarren surrealismoa, alegia.
Beraz, eztabaidak eta bozketak gora behera, orain arte EHBilduk zein Ezker Abertzaleko eledunek mantendu duten jarrera berdina onartzea lortu da: “Euskal  Estatua Europan” esaldi misteriotsua izango dugu erantzun ofiziala,  gai honekiko jarreraren inguruko galderari. Aldaketa honen atzean zer arrazoi egon daiteken asmatzea zaila da baina han-hemenka entzun ditudan ideia batzuk aipatuko dizkizuet zuen iritzia osa dezazuen:

  •  1) Ezker Abertzaleak ez du indarrik EBtik kanpoko alternatiba baten buru izateko.
  •  2) Euskal Estatua sortzeko EAJrekin egin beharreko balizko akordio batean desadostasuna zitekeen gai hau gainetik kentzeko.
  •  3) EHBildu osatzen duten indarren artean arazorik ez sortzeko.
  •  4) “Euskal Estatua Europan” erabili, hemendik X urtetara Europan sartu ala ez erabaki behar dugunerako jendartearen gehiengoak Europan, Europar Batasunean sartzea naturaltasun osoz ikus dezan, aurretik aipaturiko arrazoiek bultzatuta.

Burutazioak aparte, argi dagoena zera da: Ezker Abertzaleak hemendik aurrera jarrera pasiboa mantenduko du gai honi dagokion eztabaidan. Esan gabe doa, EHBilduri ere jarrera bera mantentzen entzungo diogula. Batak zein besteak politika egiteko oinarrizko lege bat urratuz: iritzi ezak gai bati dagokion borroka ideologikoan galera dakar, eta horrenbestez, gizartean hegemonikoa den ideia gailenduko da.
Itzal luzea izango duen erabaki honen aurrean atzo eztabaida interesgarria piztu zen Twitterren, tartean Joseba Alvarez Sortuko eztabaida prozesuaren arduraduna tartean zela. Hona tuit horien bilduma:

Tuitak tuit eta politikeriak politikeri, indar politiko nagusien ausardia ezari Euskal Herriko herri mugimendu aberats eta anitza gailendu beharko zaio, kapitalismoaren balore, agindu eta logikatik aparte bizi nahi dugunoi elkartasunean eta internazionalismoan oinarrituriko alternatiba eskaintzeko.

7 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA