Pasa den ostiralean izan nuen Joseba Irazoki zuzenean ikusteko lehenengo aukera. Mikel Erentxunekin hasi behar duen birari (bai, bizitza gogorra da musikatik bizi nahi dutenentzat) ekin aurretik Zumaian izan genuen. Askorentzat orain egin da ezagun, berriki ETB1eko saio batean “Sarri Sarri” abestiaren bertsioa egiteagatik. Nire kasuan, aurretik ibilbidea egina bazuen ere, herrikide bat buru duen Atom Rhumba talde beterano ezagunarekin bat egin zuenean fitxatu nuen. Zumaiara ekartzeko ideia sortu zenean, zalantzak izan genituen: egokia izango ote zen horrelako musikaz gozatzeko, udako ostiral batean, herriko kale nagusiko giroa?
Edade eta estilo anitzeko jendea bildu zen kalean: ume ipurterreak, hondartzatik bueltan etorritako eibartarrak, herriko potealari profesionalak, Santiago bideko australiar despistatuak eta beste. Irazokiren lehenengo akordeekin batera, zalantzak argitu zitzaizkigun nahasketa berezi horren erreakzioa ikustean: harridura eta atseginaren artekoa.
Soldadu bakarreko armada honen jendaurreko jarrera indartsua da. Berak egiten duen musika mota gurean oso zabaldua ez den arren. Haren riff, loop, marru eta txistu-saioek inor epel uzteko gaitasuna dute. Bob Esponjaren keinuak dituen gitarrajole apart honen estiloaz ez galdetu. Rock esperimentala, country psikodeliko makarra ala Tom Waitsen tankerako folk abstraktua ote den ez dakit. Garbi dagoen gauza bakarra zera da: Bera musikarien harrobi amaiezina da eta Irazokik Euskal Herriko musika-eszenan txokoa ederki asko irabazia du.
Bai, audioaren kalitateak ez dio justizia egiten esandakoari. Mea culpa.
1 Iruzkin
genio bat zara! Oreretara etor zaitez Joseba!