Emakume gerrillarien ikonoa 30 urte berantago

Axier Lopez
0

Euskal Herriko eta mundu osoko zenbat etxetako apaletan dago 1980ko hamarkadako ikono gerrillari hau? Nikaraguako historia hurbilari buruzko zenbat liburu eta erreportajeren osagarri izan da? Nazioarteko ezkerreko mugimendu feministek zenbat aldiz erabili dute irudi hau borrokaren latzenean ere samurtasuna galdu behar ez dela adierazteko?  Orlando Valenzuela argazkilariak 1984an egindako “Miliciana de Waswalito” izeneko irudi honen protagonista berriz erretratatu dute Nikaraguako La Prensa egunkarian, ia 30 urte beranduago.
Irribarre samurreko laborari honek, umea paparrean eta AK-47 lepoan hartuta zituenak Blanca Lopez du izena. 21 urte zituela, partaide zen laborantza-kooperatibaren ekitaldi politiko, eta armatu, batean egin zioten argazki ezaguna. Egun  horretaz galdetuta ondorengoa dio Blancak: “Orduan gaztea nintzen. Sei urte nituela, nire amak mendira jo zuen eta harrez gero Frente Sandinistakoekin batera izan nintzen. Kontu guztietan sartzen nintzen. Egun horretan armak aldatzen ari ginen, berriagoak eta arinagoak eman zizkiguten. Niri AK-47a egokitu zitzaidan. Kontu horretaz brometan ari ginela argazkilari batek berari begiratzeko esan zidan”.

Blanca Lopezen familia guztia HEMCOk emandako etxeko atarian

Garai hartan AEBek, Ronald Reagan presidente zela, laguntza ekonomiko eta militarra ematen zien sandinisten aurka borrokan ari ziren paramilitarrei, “Contra” bezala ezagutzen ditugunei. Laster erabateko blokeo ekonomikoa ere ezarriko zuen AEBetako erregimenak Frente Sandinista gobernuan zuen Nikaraguari. Egoera zail honi aurre egin ahal izateko mundu mailako elkartasun kanpaina abiatu zuten sandinistek. Nazioarte osora zabaldu zen ekimen honen irudia Blanca eta Antonio semearen argazkia izan zen. Arrazoi horrengatik heldu zen gure artera argazkia. Kanpaina horrek iraultza sandinistarentzat 250 milioi dolar biltzea lortu zuen. Ekimen arrakastatsu horren aurpegia izanik ere, gainerako nikaraguarren antzera bizirauteko haren eskuen lana besterik ez du izan azken 30 urte hauetan. Errukirik ez da sumatzen haren hitzetan “Ni ez naiz inoiz zekena izan. Argazki horren bitartez Nikaraguak dirua lortzea, munduak dirua behar zuen jendea lagundu izana, ondo iruditzen zait hemen oso pobreak garelako… baina nirekin ahaztu ziren.”
Gerrillan alfabetatua izan zen eta besteak alfabetatu zituen. Osasun arloko arduradun gisa Herri Armada Sandinistaren zaurituak artatu zituen. Nikaragua osoko borrokaren irudi bilakatu zen, Contrak bahitu zuen baita ondoren semearekin batera askatua izan ere. 15 seme-alaba izan zituen, egun 10 bizirik dira eta 6 haren ardurapean dauzka. “Bizitzak gogor jo nau, ez naiz garaiko gazte bera. Ez dauzkat amets berdinak… ez baitakit oraindik ametsik ba ote dudan. Gaur egun  geratzen zaizkidan seme-alabengatik borrokatzea besterik ez daukat.” dio atzera begira jarrita.
Berandu bada ere, 26 urte pasata, argazki horrek ekarri dio onurarik. 2010ean meatzaritza eta basotze lanak egiten dituen HEMCO enpresako presidente Sergio Ríosek La Prensa egunkariko igandeko magazina irakurri zuen. Gehigarri horretan Blancaren historia aipatzen zuen artikulua agertu zen. Enpresa lanean aritzen den zonaldeko etxe batean lanean zela jakin eta bere bila hastea erabaki zuen. Baita lortu ere. 2011ko uztailean enpresak etxea eta lurrak oparitu  zizkion Siunako Empalme Labú komunitatean.
Herri Batasunaren aldeko ekitaldietan agertu izan zen Espainiako tonadillera batek abesten zuen moduan, bizitza tonbola da. Izan ere, herri baten ikurra, iraultza baten aurpegia eta internazionalismoaren irudia izateagatik Blanca Lopezek jaso duen sari bakarra enpresa baten publizitate kanpaina bati “esker” izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA