Pozoina eta elektrodoak, dotoreziaren oinarriak modan

Axier Lopez
0

Uribe Kosta aldetik jaso dugu albistea. Bi lagun hilaren 18an Madrilen epaituko dituzte Cibeles moda ibiltoki famatura salto egin izanagatik, tartean Eneko Perez getxoztarra. Igualdad Animal taldeko kideek epaile aurretik pasa beharko dute bideoan ikusgai den 2009ko ekintzagatik. Delitua: “Larruzkorik ez!” zioten kartelekin Jesus Lorenzo eta Miguel Marinero diseinugileen desfilean kamara aurrean jarri izana. Segurtasuneko arduradunek animalia larruen erabilpenaren aurkako bi ekintzaileak atxilotu, mehatxatu eta saihetsetan, bizkarrean zein buruan kolpeak eman zizkiotela salatu du talde animalistak. Jarrera oldarkor honengatik guardiak ere epaituko dituzte hil honetan.  Aipatzekoa da, Eneko Perez beste epaiketa baten zain ere dagoela, kasu honetan, makina bat bisoi askatzeagatik.
Larruak lortzeko abeltegi gehienak Europan kokatuta daude, 6000 inguru. Europa, beraz, bisoi-larruen ekoizpenaren %70 eta azeriaren %63aren egilea da. Urtero 20 milioi animalia tranpaz harrapatzen dira eta beste 40 milioi mundu osoko abeltegitan hezten dira. Denak ere helburu berarekin: haien larruarekin gizakiarentzat berokiak, poltsak, lepokoak eta bestelako jantziak egiteko. Abeltegietako animalia hauen bizitza nolakoa den ikusteko hona munduari buelta eman zion Txinako haztegi batean grabatutako bideo hau. Larruak kalterik jaso ez dezan animaliak hiltzeko oso era sofistikatuak erabiltzen dira. Adibidez, bisoiei eskuz lepoa bihurrituta edota karbono monoxidoz itota hiltzen dituzte. Batezbeste 30 minutuko agonia. Azeriekin, aldiz, ohikoena ahoan eta ipurtzuloan elektrodoak jarrita elektrifikatuta hiltzea izaten da.
Egoera honen aurrean, bideoan ere ikus dezakegunez, moda-diseinugileen erantzuna “norberaren ideiekiko errespetua” eskatzea izan zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA