Alde bakartasunaren estrategia ezker abertzaleak bere gain hartzen badu ere, praktikan, momentuz, Espainiako Estatua gailendu zaio. Atzoko 8 atxiloketa eta gaur arte luzatzen ari diren miaketak garaipen honen azken frogak dira. Iraganeko lokatzean belaunetaraino sartua dago Espainiako Estatua. Eta Estatua diot, PP eta PSOE esatea motz geratzea litzatekeelako, Estatu mailako afera batez ari garelako.
EPPKk orain arte arbuiatu duen banakako irtenbideen ildoari baietz esan zion pasa den larunbatean. Estatuaren erantzuna aldaketa hori bideratu duten lagunak atxilotzea izan da. Bateraguneko lagunek ondo ezagutzen duten errezeta zaharra. Preso politiko ohiek Durangon eszenifikatu zutena, Estatuaren kontagailuan tanto berri baten gisan ikusi beharrean, mugimendu hau oztopatzera lerratu da Estatua atzera ere. Kasu honetan ulergaitzagoa da, ezker abertzalearen baitan frikzioak sortzen dituen erabaki bat izanik, nolatan ez duten baliatu Estatuaren irmotasun eta errepresio estrategiaren dohainak goraipatzeko.
Astakeria politikoen jolas makabro honetan oraingoan bada txapeldunik nire iritziz: atxiloketak egiten hasi aurretik zenbait komunikabideri prentsa-oharra igorri eta segituan deuseztatu zuena. Medio askotan irakurri genuen atzo “anulada a peticion de la fuente informate” (ezabatua, informatzaileak hala eskatuta) delako esaldia atxiloketak egiten ari ziren bitartean. Amua barreneraino irentsi zutenen artean El Paisek txapela irabazi zuen. Atzo arratsean gertatutakoa nik azaldu beharrean Espainian gehien saltzen den egunkariari emango diogu ahotsa.
Arratseko 3ak aldera txio hau igorri eta berehala ezabatu zuten:
Goiko txioaren ordu antzekoan, bidali zituzten beste hiru hauek hobeto azaltzen dute atzoko surrealismoa komunikatiboa:
Txioen festa hau ikusita ulergarriago egiten da, atzo El Pais izatea atxiloketa hauen berri eman zuen azken komunikabidea. Seguruena, atxiloketen aurretik iturri informatzailearen arabera idatzita zuten artikulua moldatzen “galdu” behar izan zutelako denbora.
Webgune, irrati, Twitter, eta telebistan ikusitakoa bost minuturen bueltan burmuinetik ezabatu ahal izango bagenu bezala jokatu zuen Espainiako Barne Ministerioak. Botoiari sakatu eta ttak! herritarron disko gogorretik informazio tarte hori desagertzeko gaitasuna balu gisan. Tamalez, ez da lehen aldia hau gertatzen dena, ezta Fernandez Diaz Barne ministroa tartean dagoena ere. Soka luzea ekarriko duen hanka-sartze honi darion gatazkaren mediatizazio nahiaz gain, oso metafora ona iruditu zait bizi gaituen garai politikoa azaltzeko: hemen ez da ezer aldatu (Informatzaileak hala eskatuta).