Okupaturiko plazerak Palestinan

Axier Lopez
0

Palestinaren egungo mugen barruan (Zisjordania, Gaza eta Ekialdeko Jerusalem) lau milioi palestinar bizi dira gaur. Aspalditik bizi duten egoera politiko makurrak haien egunerokotasunean eragin zuzena du. Denok maite ditugun plazer txiki horien nahia areagotu egin du biolentziaren etengabeko mehatxuak. Eta 65 urtetako okupazio bortitzaz mintzo garelarik, belaunaldi askoren parte bilakatu da burua oxigenatzeko hobbyen alde borrokatu beharra. Nazioarte mailako gatazka honek ezkutatzen digun palestinarren izaeraren alde ez hain ezagun horri begira jarri da Tanya Habjouwa argazkilaria “Occupied pleasures” lanean. Hedabideen begirada hertsia gainditu, eta biziraupen hutsaren gainetik, emakume eta gizon hauen bizi nahia islatu nahi izan du egile jordaniarrak.  Argazki gehienak iaz egindakoak dira eta ondoren dituzue bildumako batzuk. Gainerako irudiak, zein beste erreportajeetakoak, Tanya Habjouwaren webgunean dituzue ikusgai.

Zisjordania. Al-Quds unibertsitateko ikasleen jabalina taldea. Udako oporren aurretik Abu Dis hirian entrenatzen ari dira Israelek eraikitako harresi ezagunaren parean.

Zisjordania. AEBetatik etorritako irakasle batekin ikasi ostean, egun Hyatt-ek (ezkerrean) yoga irakasten die bere herriko -Zaataarako- biztanleei. Belen alboan dagoen herri txiki bat da.

Gaza. Hondartzako errepidetik doan jostailu-saltzailea.

Zisjordania. Zigarroa erretzen, Israelgo armadak Qualandian duen checkpointa igaro ostean. Etxera ardi bat darama Ramadanaren amaiera ospatzeko.

Zisjordania. Hebrongo gazte bat bainua hartzen ari da Zisjordaniako naturgune ederrenetakoa den Ein Farhan. Zisjordaniako natura erreserba eta historia ondare guztiak Israelek kudeatzen ditu.

Gaza. Aurreko gauean Deiar al-Balah errefuxiatu-eremuan izandako ezkontzako soinekoa oraindik jantzita duen neskatoa.

Gaza. Rafah hiriko zoologikoan jaiotako bi lehoikumerekin jolasean. Gazak orotara 6 zoo izan zituen baina finantzaketa arazoak eta animalien hilketa kopuru handiek eraginda, bi itxi behar izan zituzten. Honi aurre egiteko, zoologikoko langileek “irudimena” erabili dute. Adibidez, hildako zebra ordezkatzeko astoa margotuz.

Gazatik irteteko baimena ez duen emakumea, Egiptorekin lotzeko ezkutuan eraikitako tunel batean, eskuetan lore sorta duela. Gazan bizi diren 1,7 milioi lagunentzako ezinbesteko funtzioa betetzen dute tunel hauek, eta egun Egiptoko gobernuak tunel hauen bitartez mugitzen diren jende eta material kopurua murriztu berri du. Ez dira gutxi tunel hauek erabili behar izan dutenak senide baten ezkontzara joan ahal izateko.

Zisjordania. Altzarigileak haiek sortutako eserlekuetan atsedena hartzen. Hizman herrian, 8 metrotako altuera duen Israelgo harresiaren alboan.

Zisjordania. 3 ume plastikozko igerileku txikian olgetan, Kufr Ni`ma herrixkako olibondoen azpian. Ur-hornidura da palestinarrek duten arazo nagusietako bat, Israelek agindutako ohiko ur-mozketak direla eta. Ur-erreserba nagusiak israeldarren esku dira.

Gaza. “Gaza Parkour” taldea Khan Younis errefuxiatu-eremuko hilerrian entrenatzen. Israelgo armadaren azken erasoaldiaren aztarnak erakusten dituzte paretek.

Haien eskola pribatuko dantzaldirako prestatzen ari dira Ramallako 3 nerabe.

Gazako gimnasio bateko hiru kulturista.

14 urteko Sabah Abu Ghanim, Gazako emakume surflari ezaguna, olatuaren zain.

Jerusalem-ekialdea. Khalid Zir eta haren bost alabak atsedena hartzen ari dira Israelgo armadak suntsitutako etxearen aztarnen gainean, Silwan auzoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA