Venezuelako Bolibartar Errepublikako buruzagia eta munduko eskuin muturraren itsasargia irribarretsu agertu dira elkarren alboan. Delcy Rodríguezek eskerrak eman dizkio Trumpi “gure herrialdea espazio multilateraletan berriz egon dadin emandako babesagatik”. Errealitatea da Venezuelak urtarriletik daramala AEBen gidaritzapean. Bederatzi hilabeotan, Donald Trumpek gero eta argiago egin du Maduroren ordezkoaren alde, Venezuelako oposizioko lider Maria Corina Machado ultraeskuindarraren lotsa eta kalterako. Nobel saridun Corinaren arabera, Delcy Rodríguez “torturaren, jazarpenaren, ustelkeriaren eta narkotrafikoaren arkitektoa” da Venezuelan.
Prozesu honek argi erakusten du indarkeriaren bidez zer lor daitekeen. AEBek Venezuelarekin inposatu duten harreman neokolonialetik lortutako onurak azpimarratu ditu Trumpek hainbatetan. Abuztuaren 28an, “munduko petrolio-akordio handiena” iragarri zuen. Itun horrek lehentasunezko tratua ematen die AEBei Venezuelak erreserban dituen 65.000 milioi upelen salmentarako. Kopuru hori AEBen erreserba baino handiagoa da. Baina hori Venezuelako Gobernu berriaren erabaki “eztabaidagarrietako” bat baino ez da izan. Hugo Chávezen lege enblematikoenetako bat ere erreformatu zuen Rodríguezen gobernuak: Hidrokarburoen Lege Organikoa. Lege hori onartzeak Chávezen aurkako estatu-kolpea eragin zuen 2002ko apirilean. Era berean, Gazako genozidioaren erdian, Israelekin harremanak berreskuratu eta normalizatu dituztela iragarri zuen abuztuan Venezuelako Gobernuak.
Potentzia inperial batek beste herrialde bateko presidentea bahitu eta, egun gutxiren buruan, akordioak egin eta harreman adiskidetsuak ezartzen ditu presidenteordearekin, zeinak, teorian, eta publikoki esanda, bahitutako presidentearen mugimenduaren idealekin konprometituta jarraitzen duen. Nekez aurkituko dugu historia hurbilean Venezuelan gertatzen ari denaren antzeko zerbait. Izan ere, puzzle bitxi hau ulertzeko pieza asko falta dira oraindik. Besteak beste, Delcy Rodríguezen gobernuaren eta Trumpen administrazioaren arteko negoziazioei buruz ezer gutxi dakigulako.
Hala ere, egoeraren izaera kafkiarrak ez luke ahanztarazi behar funtsezkoa dena: Washingtonen jardun neokoloniala salatu, Maduro eta Floresen askapena exijitu, Venezuelako herritarren aurkako zigor guztiak indargabetu eta Washingtonek konfiskatutako milaka milioi dolarren itzulketa eskatzea.