Israel, artifizialki sortu zenetik, Amerikako Estatu Batuen eta Mendebaldeko bere mariatxien interes inperialisten zaindaria da Ekialde Ertainean. Energia baliabideak lapurtzeaz gain, eskualdearen ezegonkortzaile gisa funtzionatzen du, nazio arabiarrek aliantza handia osa ez dezaten. Palestinako lurraldearen okupazio militarra eta lapurreta, zein Libanon, Sirian, Jordanian eta Egipton ere lurrak okupatzeko asmoak, bere logika espantsionistaren erakusle dira.
Sortu zenetik, ideologia nagusia nazionalismo sionista da, “bestearen” ukazioa zutabe duena. Horregatik, Israel dago sistematikoki murgilduta Palestinako nortasun nazionala umiliatzeko eta degradatzeko kanpaina betean, baita palestinarren kultura kriminalizatzeko, debekatzeko eta suntsitzeko ere.
Bizi-ikuspegi hori da egungo genozidioa egiatan sostengatzen duena, eta ez bere gailentasun militarra edo armamentuaren sofistikazioa. Palestinarren etengabeko deshumanizazioak justifikatzen ditu sarraskitze etnikoa eta gosea arma gisa erabiltzeko politikak, infantizidio sistematikoa, belizismoaren loriatze publikoa, apartheida eta herri palestinarraren aurkako krimen ororen gorespena.
Kolonialismo supremazista horrek Israelgo gizartea osoari eragiten dio, neurri ezberdinetan bada ere. Geocartography Knowledge Group inkesta-etxe israeldarrak egin berri duen inkestaren arabera, israeldarren %82k babesten du Gazako palestinarren deportazio erabatekoa, eta %56k, gainera, bortxazko kanporatze hori harago eraman beharko litzatekeela uste du. Okupaturiko palestinarren herri bateko biztanle guztiak hiltzeko aukera %47ak begi onez ikusi du. 2003an egin zen antzeko inkesta bat, eta ordutik ona 11 puntu gora egin du genozidioaren aldeko jarrerak.
Palestinarren garbiketa etnikoari buruzko aldarri muturrekoenak ez dituzte Netanyahu babesten duten alderdi ultrek bakarrik babesten, Likudeko ministroek eta parlamentariek ere bai. Beste inkesta baten arabera, Pew Research Centerrek egindakoa, israeldarren %45ak iritzi ona du Netanyahuren jardunaz, eta balorazio hori ez da aldatu iaztik. %75ak uste du israeldarren eta palestinarren arteko konfiantza eza dela oztoporik handiena bake iraunkorra lortzeko. “Elkarrekiko konfiantza falta”, esaten dio kolono hiltzaileak umiliatuari, edo beren haur jaioberria gosez hiltzen ari zaien gurasoei.
Huts egin duen gizarte bat da Israelgoa, bizitzari buruzko oinarrizko printzipioen inguruan abegikortasunik ez duena. Adibide gisa, duela egun batzuk Israelgo Atzerri Ministerioaren azpibatzorde batean gertatutakoa: “Gazan gosetea Israelen irudi publikoan eragiten ari den kalteaz” eztabaidatu zuten. Irudia da kaltetua, ez eragiten dituzten dozenaka milaka hildakoak eta ehunka milaka zaurituak.
Hori da genozidioaren oinarria. Horrela hobeto ulertzen da “nazioarteko komunitatea” deiturikoaren konfigurazioa. Aldeko 14 boto, zero abstentzio, eta kontrako boto bakarra NBEko Segurtasun Kontseiluaren ekainaren 4ko bozketan. Pertsona bakar batek eskua altxatzea nahikoa izan zen ondokoari betoa jartzeko: “Berehalako su-etena Gazan, baldintzarik gabekoa eta iraunkorra, bahitu guztiak baldintzarik gabe berehala askatzea eta laguntza humanitarioa Gazan sartzeko murrizketa guztiak berehala eta baldintzarik gabe indargabetzea”. AEBek Nazio Batuetan duten enbaxadore Dorothy Shearena zen esku hori, Alderdi Demokratak jarritakoarena.
Israel faxismo garaikidearen epizentroa da. Eta historiak, temati, gogorarazten digu faxismoa ez dela konbentzitzen, faxismoari aurre egin behar zaiola.
1 Iruzkin
[…] Axier Lopezek Argia aldizkariko Begizta.net blogean. […]