Alderdi laboristako Keir Starmer sozialdemokratak gidatutako gobernuak estreinakoz baieztatu du zuzenean hartu duela parte Yemenen aurka AEBek zuzendutako erasoetan. Apirilaren 29 gauean, ehiza-hegazkin ingelesek bonbardatu zuten ustez droneak ekoizteko erabiltzen zen leku bat, Sana hiriburutik gertu.
Starmerren gobernuaren arabera, yemendarren aurka indarkeria erabiltzeari ekin diote “Europaren interes komertzialak defendatzeko” huthien “etengabeko mehatxua” dela-eta. Palestinarrekin elkartasunez yemendarrak Itsaso Gorrian boikot aktiboa egiten ari dira Israelera bidean diren itsasontzien aurka, eta horrek, John Healey Defentsa ministro britainiarraren hitzetan, “milaka milioiko kostua eragin du, eskualdeko ezegonkortasuna handitu eta Erresuma Batuko familien segurtasun ekonomikoa arriskuan jarri du”.
Yemendarrek salatu dute bonbardaketa “legez kanpoko eraso basatia” izan dela, eta agerian laga duela AEBak eta Erresuma Batua “aliatuak” direla “Yemenen eta Palestinaren aurkako oldarraldian”. Erresuma Batuak gatazkan zuzenean sartu izanaren “ondorioei” aurre egin beharko diela ohartarazi dute: “Erronkak edozein direla ere, AEB, Erresuma Batua eta Israelgo hirukote gaiztoari eta haren laguntzaileei aurre egingo die Yemenek”. 2022tik, Yemengo matxinatu xiiek lurraldearen herena gobernatzen dute, biztanle gehien bizi diren herrialdearen ipar-mendebaldea, Sana hiriburua barne, baita Itsaso Gorriko kostaldearen zati handi bat ere.
AEBek yemendarren aurkako erasoak abiarazi zituztenetik, 800 leku baino gehiago bonbardatu dituzte eta 250 pertsona baino gehiago hil. Orain arteko eraso lazgarrienetakoak azken asteetan egin dituzte. Apirilaren 18an 80 lagun hil eta 150 zauritu zituen, eta apirilaren 28an 68 hildako eta 47 zauritu eragin zituen.
Israelen defentsak gainditu dituzte
Yemendik ia etenik gabe jaurtitzen dituzte misilak Israelen aurka, eta maiatzaren 4an horietako batek jo du Ben Gurion aireportu nagusia eta ia bakarra Israelen Tel Avivetik gertu. Erasoan sei pertsona arin zauritu dituzte. Lehen aldia da huthiek sionisten misilen aurkako defentsa-sistema sofistikatua gainditu dutena. Horren harira, ondokoa adierazi du gobernu genozidaren Defentsa ministro Israel Katzek: “Min egiten digunari zazpi aldiz gogorrago joko diogu”.