Pobreziaren aurkako nazioarteko egunaren harira luze berba egiteko aukera izan dugu LAB sindikatuko kide Sonia Gonzalez eta biok Info7 irratian. Ondorengo audioan dago tertulia guztia entzungai. Behean solasaldian aipatutako zenbat datu eta gogoeta.
// <![CDATA[
// ]]>// Pobrezia ez da zerutik erori, gizakion antolaketa okerrak sortutako fenomenoa da. Gainera, urtetik urtera nabarmenago bilakatzen ari da. Elkartzen taldeak emandako zenbait datuk hala dela erakusten digute:
– Orain dela 50 urte pertsona aberats bakoitzeko 30 lagun pobreziaren mailaren azpian bizi ziren munduan. Gaur egun dirudun bakoitzeko 80 dira.
– 1.200 miloi pertsonak elikadura gabeziak dituzte.
– 2.200 miloi pertsonak eraren bateko pobrezia sufritzen dute.
– AEBetako 4 pertsonak (Warren Buffet, Bill Gates eta konpainia) 42 estaturen Barne Produktu Gordinak batuta baino diru gehiago daukate.
– Europara etorrita, gure mugen barruan ere geroz eta zabalagoa da aberatsen eta pobreen arteko aldea. Modu gordinean erakutsi zigun Pello Zubiriak ARGIAko artikulu batean: Eskoziako hiri nagusi den Glasgowen, auzo pobreenetan jaio direnak batez beste 28 urte gutxiago bizi dira auzo aberatsenean sortuak baino. Bizi itxaropenari dagokionez eta hiritik atera gabe, 28 urteko aldea, Munduko Osasun Erakundearen eta Oxfamnen datuetan oinarrituta.
Datuen gordinari ez ikusiarena egin ahal zaio, baina gizatasunik geratzen bazaigu, gure inguruko politikarien hitzei merezi duten neurria eta garrantzia ematen hasiko gara. Iñigo Urkulluk esan dezake inguratzen gaituzten sistemekin alderatuta, hobea dela EAEko ehun ekonomikoa, Yolanda Barcinak behin eta berriz errepikatu dezake Espainiako Estatu osoko errentarik handiena Nafarroan dagoela edo Mariano Rajoyk eta Nazioarteko Diru Funtsak iragar dezakete hurrengo urteetan puntu bat haziko dela Espainiako ekonomia. Baina errealitateak berdina izaten jarraituko du. Eta okerragoa dena, hitzek eta neurri partzialek ez dute okerrerantz doan joera geldiaraziko.
Merkatua pertsonen gainetik ezartzen duen sistemaren isilpeko genozidioa geldiarazteko bestelako logika batez aurre egin behar baitzaio. Horrek eragin zuzena du Euskal Herrian egiten dugunarekin, munduan gure sistema produktiboak duen lekuarekin eta, azken batean, gure bizimoduarekin. Datuek erakusten dute, AEBtik eta Europatik kanpoko langile eta pertsona ororen bizitza kaltetzen dugula, eta Euskal Herrian bertan ere geroz eta agerikoagoak dira lehiakortasuna erregaitzat duen sistemaren kalteak. Batez ere, krisiaz mozorrotuta, finantza-sistemak antolatutako iruzurra gurean sartu zenetik.
Izen abizenekin
Hego Euskal Herria: 215.743 lagun daude lan egiteko gai diren baina haren indarra non erabili ez dutenak. Kopuru antzekoa da 2007 eta 2013 bitartean EREek (Enplegu Erregulazio Espedienteek) kaltetutakoena: 238.000. Zenbakien atzean zonalde zehatzak ezkutatzen dira: Ezkerraldea, Tuteraldea, Enkartazioak, Sakana, Agoitzaldea… baina batez ere izen abizenak dituzten pertsonak dira. Eta horien artean hiru sektore dira ahulen artean ahulenen agertzen zaizkigunak: emakumeak, gazteak eta etorkinak.
- Emakumeak
Patriarkatuaren baloreen arabera moldatutako gizarte batean bizi garenez, gurea sexismoak egituratutako lan mundua dela esatea Pernandoren egia da. Gakoa ez da zenbat emakumek egiten duen lan, non eta nola egiten duten baizik.
– %25 gutxiago kobratzen dute gizonek baino.
– Kontratu eskasagoen jabe dira orokorrean.
– Goi karguetan ardura duten emakumeak oso urriak dira.
- Gazteak
Lan munduan sartzeko geroz eta zailtasun handiagoak dituzten gazteek gurasoen koltxoirik izango ez balute, zer izango litzateke gure gizartea? Gainerako adin tarteekin alderatuta gazteek langabezi tasa bikoitza sufritzen dute, %40 ingurukoa. Euskal gazteriaren lan prekarietateaz sakontzeko euskarri interesgarria da Ernai antolakundeak plazaratutako “Gazteak eta prekarietatea” liburuxka.
- Etorkinak
Eskuinaren jardun politikoa ohikoa da gizarteko sektore ahulenen kontra jotzea. Horixe erakutsi digu Gasteizko alkate Javier Marotok, diru-sarrerak bermatzeko errenta mugatzeko abiatu duen sinaduren bilketaren bitartez. Beste behin, agerian utzi du pobreak pobreen kontra jartzea norberaren miseriak ezkutatzeko jokabidea indarrean dagoela. Nor eta PP balizko iruzurren inguruan inori kontuak eskatzen, noiz eta Marotoren lagunen kreditu txartelak opakuak izateari utzi diotenean.
Estigmatizazioa
Zeinek nahi du pobre azaldu? Nor dago prest arazo ekonomikoak dituela plazan esateko? Laguntza eskatzeko? Itxurak bizi gaituen gizarte honetan ez da erreza besteen laguntza behar duzula publikoki azaltzea. Horretxegatik oso oso garrantzitsua da Berriotxoak bezalako taldeak existitzea, pobrezia eta bazterketaren aurka lan egiten duten taldeen inurri lana. Salaketa egiteaz eta dagozkigun eskubideen inguruan informatzeaz gain, arazoa ekonomikoak dituztenei aurpegia jartzen diete. Haiekin egon, entzun eta egoera berdinean dauden ehunka eta ehunka lagunen arteko elkar ezagutza errazten dute. Finean, pobrezia eta prekarietatea neurri orokorrek sortutako kalteak direnez, konponbidea ere orokorra izan dadin lan egiten dute. Marotoren “pobreak pobreen aurka” leloaren aurrean, berdinen arteko elkartasuna hobetsiz.
Sasiak errotik erauzi
Lanaren eta aberastasunaren banaketa, gehiago duenak gehiago ordaindu… gizartearen gehiengo zabal batek begi onez ikusten dituen neurriak dira. Zentzuzkoak dira eta askoren egoera makurrari arnasa eman diezaiokete. Baina ez dezatela neurri zehatzek basoa ezkutatu. Mundu hau ezagutzen dugun bezala ez da bideragarria, ez da jasangarria eta, Mendebalekoon begiek ikusi nahi ez badute ere, askoren sufrimenduan oinarrituta dago. Beraz, pobrezia errotik garbitu nahi badugu erroak dauden lekuraino joan beharko dugu, sakoneko aldaketak egiteko. Gure sistema politiko eta ekonomikotik hasi eta gure eguneroko bizimoduraino. Jabego pribatuaren eta komunaren arteko talka ideologikoa sustatuz, adibidez.