Espainiaren ongietorria Melillan: polizien jipoiak konorterik gabe utzi du gazte bat

Melillan giza eskubideen defentsan lan egiten duen Prodein GKE-k zabaldu du bideoa. Hil honen 15ean grabatu zuten Melilla eta Maroko arteko mugan. Afrikatik Europara pasatzeko gunerik nagusienetakoa da hesiz jositako gune hori. Azken urteetan ezagun egin da Espainiako zein Marokoko polizia indarrek migranteekin izandako jarrera oldarkorra dela eta. Trataera bortitz horren ageriko azken froga da hau.
[Eguneraketa- 2015-02-19]
Bideoak agerian utzi duen erasoa dela eta, 8 guardia zibil inputatu ditu Melillako epaitegi batek. Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek Salvados programan adierazi du ustez guardia zibilek eragindako lesioak biktimak berak simulatu zituela.
Danny izeneko 23 urteko kamerundarra da erasoaren biktima, Prodeinen arabera. Beste hamaika lagunekin batera, hesian igota dagoela hasten da bideoa. Amaiera ordea gogorragoa da: lau guardia zibilen artean, Marokoko mugarantz gaztea nola eramaten duten erakusten du bideoak. Konorterik gabe, poliziek emandako jipoiagatik. Bideoan argi ikusten dira kamerundarraren buruan emandako bi kolpe gogorrak eta gaztea ez da bere onera etortzen. Prodeinek gaineratu du informazio kontraesankorrak jaso dituela gaztearen egoeraren inguruan eta, zenbait iturriren arabera, kamerundarra hilda egon litekeela.
Bideoa grabatuta dagoen egun berean ere bost guardia zibil zaurituta suertatu ziren. Horietako bat hesitik behera erorita. Hesia salto egiten saiatu zirenen artean ere beste bost lagunek laguntza medikoa jaso behar izan zuten. Horietako bati ebakuntza egin behar izan zioten. Egun horretan, ehunka lagunen artetik, hiru lagunek baino ez zuten hesia gainditu eta etorkinentzako behin behineko zentrora heldu. Guardia zibilak, ordea, odisea lortu zuten hirurak salatuko dituela iragarri du: autoritatearen aurkako atentatua eta erresistentzia argudiatuta.
Miseriatik ihesi doazenentzako oztopo lasterketa
Sei metroko altuera duten altzairuzko bi hesik osatzen dute Melilla eta Maroko arteko muga. Bi hesien artean hiru metroko distantzia dago. Horien artean altzairuzko kableez osatutako egitura, batetik bestera salto egitea saihesteko. Hasierako metroetan marrazak (labain txikien antzera) dauzka, altura erdian igoera galarazteko sarez josita dago eta goiko metroetan aldiz, hesiak 10 graduz okertuta daude Marokorantz, eskaileren erabilpena eragozteko. Egitura honek 12 kilometroko luzera du.
Bi hesietara heldu aurretik, Melillara pasa nahi duenak ondorengo oztopoak gainditu behar ditu aurrena: errepide perimetrala, txarrantxa sare bikoitza, bi metroko sakonera eta lau metroko zabalera dituen lubakia eta azkenik zaintza postuez josita dagoen segurtasun pista. Horiek guztiak gaindituz gero hesiekin eta Espainiako poliziekin egingo dute topo. Oztopo hauei gehitu behar zaizkie alarmak, edozein mugimendu detektatzeko gai diren kamara mugikor inteligenteak, era bisualean abisua ematen duten sirenak eta itsutzeko fokoen sistema. Baita pertsonei eraso egiteko ura presio handiz botatzen duen sistema ere.
Eta jakina, behin oztopo hauek guztiak gainditzeko gai izanez gero, hesiaren bestaldean Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko helikopteroak, zaintza dorreak, eta etengabean patruilatzen ari diren zaindariak prest dira ongietorria emateko. Halere, beharra (eta buru-argitasuna) dena gainditzeko gai omen da eta, familia eta lagunak atzean utzita urtero bizitza hobe baten xerka ari diren ehunka batzuek lortzen dute ametsa: AEB eta Europaren inperialismoak eragindako miseria estrukturaletik ihes egitea.

Argazkia: Jose Palazon (Prodein)

2 iruzkin - “Espainiaren ongietorria Melillan: polizien jipoiak konorterik gabe utzi du gazte bat”

  1. Pingback: Zeinek nahi du Afrika salbatu? Gobernuz kanpoko erakundeen elkartasun zuriari ziria | :: begizta.net ::

  2. Pingback: CIEak, Espainiako Estatuko Guantanamoak itxi | :: begizta.net ::

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude