Ongi etorri Mozal Legea!

Axier Lopez
2

“Kazetaria naizela, nire lana besterik ez naizela egiten ari!”. “Que sí, que sí, lo que tu quieras, eso se lo cuentas a mi compañero ahí fuera” oihuka erantzun dit ertzainburuak, bultzatzen nauen bitartean, urduri.
Eusko Jaurlaritzan Osakidetzak egindako murrizketak salatzeko, sindikatu gehienek deituta itxialdia egin zuten ostegunean Donostiako Ospitalean. Ertzaintzak arrastaka kanporatu ditu banaka-banaka. Eta tartean, mobilizazioaren jarraipena egiten ari ginen Berriako kazetari bat eta biok. Baita gu identifikatu ere, gainerako manifestariekin egin bezala.
Baina zer da kasu hau Euskal Herrian ikusi ditugun astakeriekin alderatuta, oraindik sendatu gabe dugun Egunkariaren zauria kasu. Luze joko luke hemen informazio eskubideari Espainiako Gobernuak eman dizkion zartada guztiak zerrendatzea. Izan ere, Mozal Legeari darion logika aspaldi baitago ezarrita gurean, Euskal Herrian.
Azken urteotan, Espainiako Estatu osoan eman den protesten loraldiari emandako erantzun politikoa da Mozal Legea. Arestian aipatutako logika paper batean idatziz, lege bilakatu nahi dute. PPren gehiengo osoa oinarri, gizartean sektore bakarra ordezkatzen duen gezurrezko gehiengo politiko horri esker onartuko dute, boteretik gertuko gainerako instituzioak zain dauden bitartean.
Adierazteko, informatua egoteko eta informatzeko eskubideak murriztera, are gehiago estutzera dator araua. Hori bai, politikari profesionalek darabilten hizkuntzaz mozorrotuta: “Herritarren segurtasunerako legea”.  Gu babestera ei datorren horrek herritar mugimendutik sortutako mobilizazio berriak debekatu edo zigortuko ditu: izan etxegabetzeak, izan eskratxeak, izan bat bateko manifestazioak, izan gobernuko eraikin ofizialen aurreko mobilizazioak, izan GreenPeacek ezagun egin dituen ekimen ikusgarriak, izan eskubide zibil eta politikoen aldeko herri harresiak, baita bizimodu hobe baten xerka datozen migranteen eskubideak ere. Horiek denak daude legearen jo puntuan. Hau da, Gobernuaren jokamoldea publikoki ezbaian jarri duten mobilizazioen aldarrikapenak entzun ordez, mahai baten bueltan eseri eta konponbide adostua eman beharrean, murrizketen bidetik segitzen du Espainiako Gobernuak.
Eta bide batez, gu kazetariok, gu argazkilariok, tartean sartu gaitu. Iraitz Salegiren kasuan argi erakutsi duen gisan, oraingo honetan mezuaz gain, mezularia ere zigortu nahi duelako Espainiako Gobernuak:
– Etxegabetze batean barrez ari den poliziaren argazkia twitter bidez bidaltzea: delitua.
– Herri harresietan edo etxegabetzeetan gertuko jarraipena egitea: delitua.
Melillako harresian giza eskubideen urraketak islatzea: delitua.
– 5 urteko unibertsitateko karrera egin gabe zure inguruan gertatzen diren mobilizazioen berri ematea: delitua.
Informazio eskubidea ez da kazetarion pribilegioa bakarrik. Eskubidea delako, herritar guztiok dugu gure inguruan gertatzen denaren berri emateko aukera eta bermea.  Gutxi batzuen pribilegioa bilakatu nahi izatea da legearen arriskutsuena. Milaka euroko kamerarik gabe, kazetari txartelik barik edo txaleko zuririk jantzi gabe ere, idazten, hitz egiten badakigulako. Denok.
Eta tira, hori guztia da Mozal Legea. Errezeta zaharra bezain zatarra… baina pozteko arrazoia ere bada. Kazetaritza independentea egiten dugunon lana lehen lerroan kokatu du legeak, boterearen itzalean kazetaritzarekin negozioa egin nahi duten horien aurrean. Inoiz baino beharrezkoagoa da interes politiko eta ekonomikoen logikatik kanpo lanean ari garen hedabide eta kazetarion lana.  Eta poztekoa ere bada, albisteak egiten ohituta gaudenok, pausua eman dugulako. Dagokigun mementoan gu geu bilakatu garelako albiste: aspaldi ikusi gabeko erantzun bateratua eman diogulako legeari. Estatu osoan herri mugimenduaren gehiengoak egin duen gisan, Euskal Herriko kazetariok ere elkartu eta plazara atera gara. Iraitz Salegirena bezalako kasuekin aspertuta gaudela esateko. Gure lan publikoa susmopean jartzearekin nazkatuta gaudela berresteko. Eta horrela, ideia hauen bueltan, “Kazetaritza ez da delitua” manifestuari 440tik gora argazkilari, kazetaritza irakasle eta kazetari batu zaizkio. Kazetaritza ez baita inolaz ere delitua, eskubideak birrintzen dizkiguten bitartean, egonean, norberaren zilborrari begira geratzea litzateke delitua.
Kazetaritza demokraziaren ezinbesteko bermea dela aldarrikatzeko baliogarria zaigulako; ongi etorria izan dadila Mozal Legea!

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA