Herri komunikabideak: militantzia eta profesionaltasuna

Madrilgo Diagonaleko Pablo Elorduy eta Kataluniako La Directako Ferran Domenech kazetariek hitzaldi bira txikia –Gasteiz, Santurtzi, Iruñea– egin dute gurean. Herri kazetaritzaz duten ikuspegia bertoko zenbait esperientziarekin partekatu dute. Sintonia eta elkar-ezagutza handia dagoela proiektuen artean argi geratu zen Gasteizko gaztetxean, Topatuko Iraitz Salegi eta Ahotsako Angel Llamas ‘Pitu’rekin batera emandako hitzaldian. Ideia esanguratsuenak bildu ditugu.
Profesionalizazioa: liberatuak baino, presoak oraindik ere
Umoreaz lagunduta oso gordin azaldu zuen Ahotsako Pituk herri hedabideetan lan asalariatuaren baldintzak nolakoak (izan) diren: “ordu asko eta lotura handia, ia preso sentiarazi arte”.  “Prekaritatea gure ideologiaren aurkakoa da, beraz, liberatua izatea ezin da marroitzarra izan, egoera hobetu beharra dago”, gaineratu zuen. Bide horretan, asalariatuak egonik ere, erabakigunea batzarra izaten mantentzearen alde mintzo zen Diagonaleko kidea. Bere ustez, denak berdin kobratzea eta 1. eta 2. mailako lankideak ez sortzea kontuan hartu beharrekoa da.
Profesionalizazioari ekin dio La Directak, kooperatiba bilakatzeko prozesuan murgilduta daude proiektuari egonkortasuna emateko: “profesionalizatzeak desprekarizazioa esan nahi du, gure kazetariek beste proiektu batzuetara gogoz kontra alde egin behar ez dezaten”. Topatuk eta Ahotsak bina liberatu dauzkate, baina bietan batzarra “soldata jasotzen duten lagunen erabakien gainetik dago”. Eredu mistoa deitu zioten horri: asalariatuak gehi boluntarioak. Pituren esanetan, profesionala izatea kazetaritzan denbora osoz aritzea da: “proiektuak zure dedikazioa eta denbora diruz erostea da profesionaltasuna”.  Haien lantaldean inork ez dituela kazetaritza ikasketak egin azpimarratu zuen.
Laurak bat etorri ziren ideia batean: lan militantearen pisua, gaur egun ere, ordaindutakoaren gainetik dago; lan boluntariorik gabe ezingo lukete proiektua aurrera atera.

Finantzaketaren amesgaiztoa
Topaturen eredua da lau hedabideen finantzaketaren ezaugarri gehienak biltzen dituena: diruaren laurden bat harpideek emandakoa da, beste laurdena diru-laguntzen bidez lortu nahiko lukete (aurten lehen aldiz aurkeztu dira), beste laurden bat merchandisingaren eskutik (zozketak, kontzertuak, bertso-afariak…) eta azken zatia herri mugimenduari komunikazio zerbitzuak (spotak, webguneak, dokumentalak…) eskaintzen lortu nahi dute.
Herri mugimenduan lan egin duen inork ondo daki diru iturriak bilatzea zeinen nekeza den, eta horretan komunikabide txikiak ez dira salbuespena: “finantzaketa da gurea bezalako proiektuak epe ertain edo luzean hiltzeko faktore nagusia, eta krisi egoeran zer esanik ez”, berretsi du Diagonaleko Elorduyk. Inguruko egoera sozioekonomikoak –langabezia, alokairu garestiak…– asko baldintzatzen du herri mugimendua hauspo ekonomiko nagusitzat duten hedabideen jarduna.
Krisiak krisi, lauek aldarrikatu zuten herri mugimenduak haiena bezalako komunikabideen aldeko apustu argia egitearen ezinbestekotasuna. “Zuregan ez badute sinesten izorratuta zaude. Erasora jo behar dugu mugimenduek dirua guregan ere jar dezaten, ezin gara zain egon.”, dio Pituk ahoan bilorik gabe.  Mugimendu batek Garan edo Ser katean jartzen duen publizitatearen diruaren zati bat, Ahotsa bezalako medioetan inbertitzea lortu behar dutela azpimarratu zuen; edo “mugimendu batek kartel gutxiago inprimatuz aurreztuko lukeen dirua, gu bezalako proiektuetara bideratzea oso lagungarria izango litzateke”.
Halere, konponbide magikorik ez dagoela argi utzi zuten. Crowfundinga denek erabili dute inoiz, Ahotsaren kasuan oso ondo funtzionatu zuen gainera (25.000 euro lortu zituzten). Publizitateari dagokionez, La Directa eta Diagonalen ereduarekin bat etorri ziren: publizitatea bai, baina kode etiko bat ezarrita. Balio partekatuetan oinarritutako publizitatea hobetsi zuten; merkataritza txikia, ekonomia soziala eta herri mugimenduari bereziki lekua eginez.
Ezkerreko kolektiboetan ohiko eztabaidagaia izan da diru-laguntza publikoen afera. Erakunde publikoei deseroso izan zaien mugimenduak baretzeko, diruaren amua erabili duten hamaika kasu dugu Euskal Herrian zein nazioartean. Halere, lau hedabideetako ordezkariek ez zioten diru laguntzak eskatzeari beldurrik adierazi: “herritar gisa gure eskubidea da eta ez dugu konplexurik izan behar”. Diru publikoa jasotzeak ildo komunikatiboa baldintzatzen ez duen neurrian, betiere. Izan ere, Ahotsako kideak aipatu zuen moduan, “Egin zaitez foruzain” dioen publizitatea jartzearen truke balitz, ez lukete diru-laguntza eskatuko.
Denetan berritzaileenak Ahotsakoak agertu ziren, poltsikoan arma berria gordeta azaldu ziren Gasteizen: “Majaris de la Sornaren bitartez Venezuelako gobernuaren begiak izango gara Europan… ea Maduroren aurrekontuaren parte bat ere izaten garen!”, esan zuen publikoaren barre artean.
Objektibotasuna, eskuinaren mito hori
“Kazetaritza objektiborik ez dago, baina zintzoa bai”. Salegiren esanak jasotzen du lauren iritzi partekatua gai horri dagokionez.  Zintzoak badira, gertatzen dena kontatzeko era guztiak zilegiak direla gogoratu zuten. Egia absolutua existitzen ez dela jakinda, jendeak ondorio propioak sor ditzan, datuak ematea ezinbestekoa dela hizpide izan zuen Pituk. Helburua argi izanda ordea, “gu ez gara narratzaile hutsak, eragin egin nahi dugu gure helburuak lortzeko (Ahotsakoen kasuan Nafarroan aldaketa politikoa ematea)”. Gezurra erabiltzea guztiz onartezina dela ondorioztatu zuten, “egia, mingarri bada ere, beti iraultzaileagoa izango baita”. Zentzu horretan Pituk gaineratu zuen lantaldean ez dagoela  zertan lankide guztiak ados egon behar batek edo bestek idatzitakoarekin. Kritikoa izatea ezinbestekoa dela azpimarratu zuen Salegik, baina baita etxe barruari begira ere. Zeregin horretan “ingurune hurbilarekiko, gazte mugimenduarekiko kritikoagoak izaten” ez dutela asmatu aitortu zuen.
Sarea eta papera, maitasun eta gorroto istorio bat
Internet da tresnarik eraginkorrena Diagonalekoen ustez, baina paperak proiektuari zentzu politikoa ematen dio. Halere, “gu ez gara ezkondu inprimategiarekin ezta papertegiarekin ere, inoiz baztertu behar badugu eskuak libre dauzkagu”. Domenechek ildo beretik hitz egin zuen: “Batetik papera oso garestia da –jendearengana eramatea, inprimaketa…– eta gainera feedback eskasa dauka; baina beste tresna batzuk ez bezala komunitatea sortzen du.” Zure proiektua ukitu ahal izatea, leku fisikoetan (ateneoetan, tabernetan…) eskutik eskura ibiltzeko aukerari ez diote uko egin nahi. Banaketa sareari ere garrantzia eman zion La Directako kideak komunitatea sortzeari begira. Izan ere, Bartzelonako zenbait auzotan bizikletaz banatzeko sareak antolatuta dauzkate.
Euskarrien inguruko eztabaidari tiraka, belaunaldi haustura ikusi zuen Diagonaleko kideak. Haren ustez, Madrilgo mugimendu sozialen gehiengoak bezala, Diagonalek arazo handiak ditu 20 eta 30 urte bitarteko jendearekin konektatzeko.
Hizkuntzak bizi gaitu
Hizkuntza bat edo beste aukeratzeko irizpideaz galdetuta Euskal Herriko ordezkariak izan ziren justifikazio luzeak eman behar izan zituztenak. Topatuko kidearen esanetan, euskara ezin da oztopo gisa ikusi, abantaila moduan baizik. Gazteek Internet asko erabiltzen dute, baina nagusiki erdaraz aritzen direla ikusita, ohitura horiek aldatu nahi dituzte Topatuko kideek eta horretarako “jarrera militantea dugu, diskurtsotik praktikara salto egiten saiatzen gara, eta bide horretan herrigintzari ekarpena egin.”
Ahotsakoen analisia bestelakoa da. Inoiz ez zuten proiektua euskara hutsean egitea pentsatu, eta  inguruko beste esperientziek erabilitako irizpideak hartu zituzten kontuan. Adostu zuten irizpidea honakoa izan zen: Nafarroan euskaldunak %20 ingurukoa izanik, euskarazko ekoizpena %25a izaten saiatzen dira, batez bestekoa baino apur bat gehiago. Ahotsa Nafarroan euskarak bizi duen egoeraren isla dela ondorioztatu zuen Pituk eta beraz, “gure helburu politikoa hizkuntzaren aurretik jarri dugu”. Lantaldean ia denok euskaldunak dira, baina “idaztea hitz egitea baino askoz zailagoa denez”, sarri euskaraz aritzea nekeza egiten zaiela aitortu zuen.
Katalunian hizkuntzaren hautuak ez zuen buruhausterik sortu. “Katalanez bizi gara eta ezin genuen besterik egin katalanez komunikatzea baino”, zorrotz Domenechek. Lan-eremu gisa Herrialde Katalan osoa ezarri zuten. “Katalanez hitz egiten den lurraldea aukeratu genuen baina ez jarrera independentista edo dena delakorik dugulako”, argitu zuen bartzelonarrak.
Madrilgo testuinguruan eztabaida hori ez zen neurri berean eman. Estutu mailako hedabidea izanik beste hizkuntzei leku egitea gustatuko litzaiekeela esan zuen Diagonaleko kideak, baina “gaur egun gure baliabideen mailatik oso urrun dago gaztelania ez den beste hizkuntzetan ere lan egin ahal izatea” gaineratu zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude