Israelen okupazioaren gainetik salto

Axier Lopez
0
Taldearen entrenatzailea da Bacri. 2014ko azaroan atxilotu zuen Israelgo poliziak eta oraindik kartzelan dago.

Harresiak, mugak lurrean zein itsasoan, checkpointak, juduen koloniak… Palestinan egon den orok badaki leku batetik bestera mugitzea zein nekeza den. Egoera horren aurrean, oztopo fisikoak gainditzeko erresistentzia kirolarekin lotu dute hainbat gazte palestinarrek.

Constance Decorde argazkilari frantziarrak Middle East Eye hedabidearentzat egindako argazkiak dira.
Bertsio ofizialak dio, parkourra –parcours frantses hitzetik dator “ibilbidea”– Frantziako Estatuan asmatu zela 1990eko hamarkadan David Belleren eskutik. Haren garapenetik sortu zen 2004an free running (korrika librea) diziplina akrobaziak gehituz. Ildo horri heldu zioten 2008an Jerusalemgo Alde Zaharreko hainbat gaztek Palestinako lehen Parkour taldea sortzeko. “Banlieue 13” film frantziarra ikusi ostean erabaki zuten taldea sortzea, hala adierazi diote Decorde kazetari grafikoari.
Mugimendu askatasuna erresistentziarako bide
“Oztopoak gainditzeko artea delako praktikatzen dut parkourra”, dio Mohammed gazte gazatarrak Al Jazeerak egindako dokumentalean (beherago ikusgai). Sabairik gabeko munduko kartzelarik handiena bezala ezagun da Gaza. Israelek, Egiptoko Gobernuaren konplizitateari esker, irteera eta sarrera mugimendu guztiak kontrolatzen ditu. Okupazio militarrak palestinarren egunerokotasunari eragiten dio bizitzaren arlo guztietan. Hori dela eta palestinar gehienen eguneroko bizimodua erresistentzia ekintza txikiz osatuta dago, eta hala batek baino gehiagok parkourrean topatu dute arnasa. Kirol merkea da –gogoa eta kirol-oinetako batzuk baino ez dira behar–, ez du instalazio berezien beharrik –kalea da topagunea–, talde lana sustatzen du, Internetek ematen dituen baliabideei esker auto-formakuntzan oinarrituta aurrera egin daiteke eta gainera, okupazioak eta gerrak suntsitu edo itsustutako ingurunea ederrago bilakatzeko gaitasuna du. Parkourrean oso ohikoa da akrobazien bideoak sarera igo eta partekatzea eta hori Palestinan, Israelgo gerra makineriak behin eta berriz kolpatutako lurretan, bizitza dagoela ikusarazteko bide bat da.
https://www.youtube.com/watch?v=9aNdn-bnmiE
Dena ez da polita, ordea. Gazan, erlijioak zeharo markaturiko gizarte orotan bezala, ohitura berriek ez dute oso harrera ona izaten –gurean ere ondo dakigun moduan–. Horrek zerikusi zuzena izango du kirol horretan oraindik emakume palestinarrek duten presentzia txikian. Zer esanik ez, Hamas mugimendu islamikoaren esku dagoen polizia errepresiogilearen kontrol nahia ez baitute lagun parkourrean ari direnek.

“Kirol horrek ahalduntzen nau bizitzaren gainerako oztopoen aurrean indartsu izateko, okupazioari egunerokotasunean tinko aurre egiteko”, dio gazte gazatarrak dokumentalean. Okupazio bidegabearen ondorioak ez ditu parkourrak gaindituko, baina inguru berri baten alde amesten dutenen lehengaia bizipoza denez, bizitzari zentzua emateko ekimen orok izango dute lekua justiziak ahaztutako Palestinan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA