Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jakinarazi du bere 21 langilek, gutxienez, sexu-abusuak egin zituztela Kongoko Errepublika Demokratikoan 2018tik 2020ra. Haien lan ofiziala ebolaren pandemiari aurre egitea zen.
Orotara, 83 gizon daude akusatuta eta horien artean UNICEF, Oxfam eta Mugarik Gabeko Medikuen langileak ere badira. OMEk berak enkargatutako talde independente batek baieztatu ditu emakumeen salaketak, 50 testigantza baino gehiago aintzat hartuz. Gehiegikeriak, bederatzi bortxaketa barne, Kongoko zein nazioarteko langileek egin zituzten.
Sexua enplegu truke, bortxaketak, eta estortsioak emakumeak abortatzera behartzeko. Horien atzean daude medikuak, goi-karguak, administratzaileak, garraiolariak… bortxatzaile bihurtutako askotariko “laguntzaileak”, diru publikoz edo asmo oneko pertsonen ekarpenez osatutako soldatekin. Nazio Batuek gidatutako misio bakan batean inoiz izandako sexu-abusuen kasurik handiena da.
Txostenaren arabera, 29 emakume haurdun geratu ziren abusuen ondorioz, horietatik 22k umea izan dute eta beste batzuek adierazi dute bortxatzaile “humanitarioek” abortatzera behartu zituztela. Biktimarik gazteenak 13 urte ditu eta haren testigantzaren arabera, OMEko auto gidari batek bera kalean ikusi eta etxera eramateko eskaintza egin zion, baina horren ordez, hotel batera eraman eta han bortxatu egin zuen. OMEko langileek emakumeen prekarietatea baliatu zutela azpimarratu du txostenak, sexu-harremanen truke lanpostuak emanez edo sexua ezinbesteko baldintza bihurtuz enpleguari eusteko. Sexua izateari uko egin ziotenean lana galdu zutela adierazi du zenbait emakumek.
Eredua, biktimak eta borreroak errepikatzen dira, oso luzea den zerrenda are gehiago gizentzeko. Oxfam da azken urteotako eskandalu handienetakoaren protagonista, 2010ean Txaden eta Haitin egindako bortxaketa masiboen harira. Baina, agian, kasurik paradigmatikoena NBEko kasko urdinena da. Haiti, Kongo, Burundi, Liberia, Timor, Bosnia, Hego Sudan, Kosovo, Afrika Erdiko Errepublikan… indarkeria matxistarekin lotutako 2.000 salaketa baino gehiago bildu dituzte nazioarteko komunitatearen “bake-indarrek”.
Laguntza humanitarioaren eta elkartasunaren aterpean ezkutatutako negozioak ez du mugarik ezagutzen. Areago, pobrea, beltza eta emakumea direnen aurrean.