Expropiese!

Axier Lopez
0
Alokairuaren prezioaren igoera salatzeko manifestazio bat Berlinen. Argazkia: EFE

“Eta eraikin hori?”. “Hori, harribitxien salerosketa pribatuak egiten dituen enpresa batena da”. Agintariak eskua jaso, seinalatu eta: “Desjabetu dezagun”. 2010ean Hugo Chávezek agindu zuenean zenbait enpresa pribaturen esku zeuden Caracas erdiguneko eraikin historikoak espropiatzeko, mundu osora zabaldu ziren irudiak.

Jabego eta negozio pribatuen gainetik interes publikoa lehenesten duten erabakiak ez dira sarri ikusten. Are gutxiago kapitalaren menpeko Europar Batasunaren barruan. Baina hara non, igande honetan, Berlinen ehunka herritar kalera atera direla pozez. Ez ziren, ez, Angela Merkelen agintaldiaren amaiera ospatzen ari. Beste lelo bat zuten ahotan: “Vonovia eta Wohnen Berlindik at!”. Izan ere, Alemaniako hauteskundeekin batera, “Deutsche Wohnen & Co. enteignen” taldeak sustatuta –359.063 sinadura bildu ostean–, erreferenduma burutu dute Alemaniako hiriburuan. Eta hara non, herritarren gehiengoak (%56,4) “expropiese!” esan duen.

Han ere negozio borobila da etxebizitza eskubidearekin espekulatzea, Euskal Herrian ondo baino hobeto ezagutzen ditugu haren ondorioak. Adibidez, hemen bezalaxe, Berlinen ere alokairuen eta lurren prezioak etengabe gora egin du azken urteotan. Erdigunetik aldirietara edo hiritik inguruko herrietara joan behar izatea baino, bide zuzenago bat hartzea aukeratu dute non Europako kapitalismoaren bihotzetik. Hala, hirian 3.000 etxebizitza baino gehiago dituzten higiezinen enpresa pribatu guztiak desjabetzea proposatu dute berlindarrek, besteak beste, Vonovia, Wohnen, Akelius edo TAG Immobilien enpresak. Eraikin kopurua ikusgarria da: 240.000 etxebizitza (hiriko guztien %15 inguru) izaera publikoko erakunde batera transferituko dira eta “gizartearen eta maizterren parte-hartze demokratikoaren bidez” kudeatuko dira. Baina, beti dago baina-ren bat: galdeketaren emaitza ez da loteslea. Agintarien esku dago erabakia. Merkelen gobernukide izandako Olaf Scholz buru duen SPD alderdiak eta Berdeek herrialde osoan eta Berlinen gobernua osatzeko adina indar lortu dute. Beraz, pilota sozialdemokraziaren esku dago: zein da lehenik, herritarren interesa ala enpresena?

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA