Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

Axier Lopez
0

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI. mendeko sarraski selektiboen tresna eta ikur nagusi bihurtu dira, batez ere AEBek izendatutako “terrorearen aurkako gerraren” mantrapean.AEBetako Gobernuak droneak erabiltzeko eman zuen arrazoi nagusia “zehaztapen kirurgikoa” da. Hau da, teknologia horrek gaiztoak hiltzeko eta albo-kalteak saihesteko, eta zibilei edo “errugabeei” kalteak gutxitzeko oso baliagarria izango zelako. Edo zelakoan, hobe esanda.

2001eko irailaren 11ko atentatuetatik hona, airetik egindako bonbardaketek eta droneekin egindako erasoek 22.000 zibil hil dituzte gutxienez, Airwarsek argitaratu berri duen ikerketa baten arabera. Baina, 2014an Ingalaterran sortutako erakunde independenteak ohartarazi duenez, egiazko kopurua 48.000 ingurukoa izan daiteke.

Sirian ISISen aurkako operazioetan, Irak eta Afganistango gatazketan eta Yemen, Somalia, Pakistan eta Libiako “matxinatu” eta “terroristen” aurkako erasoak kontuan hartuta, AEBek esan dute airetik, gutxienez, 91.340 eraso egin dituztela azken 20 urteotan. Adibidez, 2014ko udatik 2019ko uda bitarte, nazioarteko indar koalizioaren 14.570 drone-eraso izan ziren Iraken, eta 19.785 Sirian. Eraso horietan eragindako hildakoen estimazioen arabera 13.000 zibil hil zituzten, horietatik 2.300 haurrak ziren.

David Rohde New York Times egunkariko kazetaria hainbat hilabetez bahituta izan zuten talibanek Pakistanen 2008eta 2009an. Gatibualdian lehen eskutik ezagutu zuen droneen eragina herritarren artean: “Gatibu izan ninduten garaian Pakistango herritarrekiko begikotasun handia garatu nuen, talibanen eta amerikar teknologia errukigabearen artean harrapatutako zibilekiko. Lurrean den infernuan bizi dira (a hell on earth ingelesez).

Drone bidezko bonbardaketek ez dituzte herrialde baketsurik sortu, ez dute “etsairik” garaitu, eta ez dituzte errugabeen heriotzak saihestu. Beldurra eta gorrotoa handitu besterik ez dute egin, baita pertsonen exodo masiboa eta pobrezia handitu ere. Pantailaren bestaldean, aldiz, norbait hiltzea bideo-jokoetan aritzea bezain erraz eta azaleko kontu bilakatzea lortu dute.

Gerra eta gardentasuna ez dira elkarren lagunak, eta droneen erasoek are gehiago lanbrotu dute gerraren biktima eta kalteei buruzko informazio zehatza eta biktimen aitortza lortzea.

Bi hamarkada igaro dira 2001eko irailaren 11tik. Baina haren legatuak gerra egiteko era ezezik, nazioarteko testuingurua erabat aldatu du. Gobernuekiko mesfidantza jaitsi den maila berera heldu baita giza eskubideekiko errespetua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA