Sarea herritartu

Axier Lopez
0

Argazki oina: “Internet gustuko dut nire herria gustatzen zaidan bezalaxe: libre eta irekia” Egilea: AAP

Informazio teknologia gure burua nola egituratzen dugun ikusteko isla ona da. Internet deitzen duguna, ehunka milioi pertsona elkarrekin konektatzea lortu eta komunikazioari eta harremanak izateko moduari buruz dugun pertzepzioa aldatzea ahalbidetu duen lehen egitura handia da. Baina sistema hau, oso erabilia eta beharrezkoa izan arren, hierarkizatuta dago, erraietatik.

Interneten arkitektura osatzen duten geruza gehienak enpresa pribatu handien jabetza dira, azpiegitura fisiko eta logikoen eta edukiaren monopolioa dutenenak. Horien paradigma: Google. Gainera, gogoratu behar da azpiegitura asko –EAEko zuntz optikoaren sarea, esaterako– diru publikoz ordaindu zirela, ondoren haren ustiapena pribatizatzeko, Eusko Jaurlaritzak Euskaltelekin egin zuen bezala. Telekomunikaziorako oinarrizko sareak hedatzeko ekimen publikoa zenak hasieran –zuntz optikoaren bidezko telefonian aitzindari–, urte batzuen buruan pribatizatuta, burtsara salduta eta, berriki, euskal esparruaren kontroletik kanpo amaitu du, Euskaltel Taldearen kapitalaren %100aren gainean Meinrad Spenger austriarrak zuzentzen duen MasMovil-en EEP-aren ostean.

Burujabetza teknologikoaren aldeko mugimenduek ondorengo Internet sustatzen dute: deszentralizatua, askea –komunitatearen esku, ez enpresena– eta neutroa –bi abiaduratako sarea saihesteko, azkarra aberatsentzat eta gainerakoentzat soberakina–. Subiranotasun teknologikoa tresna praktikoa da sarea deszentralizatzeko, baina, batez ere, sakoneko mamiari heltzeko: boterearen eta ezagutzaren demokratizazioa. Bide horretan pauso garrantzitsua da sarearen jabetza eta gobernantza gertuko komunitatearen esku uztea, azpiegitura fisikotik hasita.

Teknologian burujabetzaren alde apustu egitea oinarrizko azpiegiturak nola gobernatu erabakitzea da. Horregatik da garrantzitsua gaiari gertuko eremutik heltzea, eta geure buruari galdetzea telekomunikazioetarako sarbide duina nola berma diezaiekegun auzokide edo herritar guztiei. Jakina, horrek inbertsio publikoa behar du, azpiegiturak publiko egin eta herritarrek zuzenean hitza eta botoa izango dituzten ereduak sortzeko. Lehiaren logikatik kanpo baldintza –estaldura, abiadura, prezioa, arreta– duinak bermatuko dituzten ekimenak, elkarlana oinarri, debekurik gabekoak –parte hartu nahi duten kooperatiba eta enpresa orori irekita–. Zorionez, bide horretan urratsak ematen ari dira Euskal Herrian. Azkena, Oñatin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA