Ertzaintzan, trantsiziorik ez

Axier Lopez
0

Ertzaintzak berriro lortu du. Harridura eragin du gazteen aurka –bai, kolektiboa orokorrean– antolatu duen azken kale sarekadan egindakoagatik. Gaueko ordu txikietan hutsik zeuden Azpeitiko kaleetan Ertzaintzaren dozenaka patruila, furgoneta eta ertzain ikusi ditugu irudietan, gazteren bat harrapatu nahian, foam pilotekin tiro eginez. Delitua? Ertzaintzaren bertsioaren arabera: “300-400 gazte kale zurrutean, musika ozen jarrita eta suziriak piztuta”. Emaitzak: 19, 18, 15 eta 14 urteko lau gazte atxilotu dituzte, desordena publikoa egotzita. Igandean Azpeitiko plazan jendetzak Poliziaren indarkeria salatzea ere lortu dute.

Jotzera tiro egiten duen Poliziaren bertsio ofizialean ez dira agertzen beste datu batzuk. Adibidez, asteazkenean patruila batek mehatxu egin ziela herriko gazte kuadrilla batzuei esanez larunbatean istiluak egongo zirela eta larunbatean bertan arratsaldetik Ertzaintzaren presentzia herrian oso nabarmena zela.

Edonola ere, larunbatekoa ez da salbuespena. Pandemiaren kudeaketa bertikal eta zigorzalearekin batera, herri askotan gertatu baitira horrelakoak. Izan gazte, ikasle, sindikalista, ITPko edo Tubacexeko langile, matrail-hezurrak eta sudurrak apurtzen darrai Ertzaintzak, salbu eta Madrildik etorritako Desokupako neofatxa bazara.

Baina demagun, baietz, egia beti dela Ertzaintzaren bertsioa, eta Azpeitiko kasuan, “gazteak poliziak ikustean harriak, botilak eta bengalak jaurtitzen hasi dira”. Eta demagun horrek ere justifikatzen dituela ondorengo ertzainen mobilizazio demasa, tiroak, atxiloketak… Baina, inor ez al da geratu eta segundo batez pentsatu, zergatik? Zergatik horrelako kontrakotasuna Poliziarekiko? Eta zergatik orain eta bereziki gazteak? Errazena da Josu Erkorekaren bidetik jarraitzea. Errua besteei bota, prediku-aulkitik arduragabekeria txartelak banatuz eta Esan, Erne, Sipe, Euspel eta Ertzaintzan nagusi diren eskuindarrei bidea libre utzita. Bere kideak babestea beste helbururik ez duten “sindikatu” horien komunikatu hooliganak irakurtzea oso ariketa osasuntsua da demokraziaz hausnartzeko.

Ertzaintzan ez dute trantsiziorik egin nahi. Hamarkadetan ondutako eredu militarizatu eta opakua ez dute aldatu nahi. Eroso daude on eta gaiztoen arteko kontakizunean, borroka armatuaren garaian bezala, txartel zuria eta ukiezintasuna bermatzen dizkielakoan. George Floyd hil zuen polizia zigortu zuten egun berean, Iñigo Cabacasen hilketagatik kondenatutako ertzain bakarrari bertan behera utzi zioten bi urteko kartzela zigorra. Hori kasualitatea baino, kausalitatea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA