1982an demokraziara itzuli zenetik, Hondurasko hauteskunde garrantzitsuenak izan dira askorentzat igandean. Herritarrek aukeratu dute Juan Orlando Hernández presidentea ordezkatuko duen pertsona, 12 urtez boterean egon ondoren eta ustelkeria eta narkotrafiko kasuek itota –estatuak finantzatutako droga-trafikoaren gaineko ardura leporatu diote AEBetako fiskalek epaiketa batean–.
Botoen %51 zenbatuta, Xiomara Castro Alderdi Libreko hautagaia da irabazle, botoen %53,61 eskuratuta, Nasry Asfura hautagai ofizialistak baino 20 puntu gehiago (%33,87). Hondurasen ez dago bigarren itzulirik eta boto gehien bildu duen hautagaiak irabazten du.
Beraz, oso litekeena da 2009ko Zelayaren aurkako “estatu kolpe biguna” bultzatu zuen alderdiak boterea galtzea. Manuel Zelayak 2005ean lortu zuen presidentzia zentro-eskuineko Alderdi Liberalaren eskutik. Kargua hartu ondoren, baina, Zelayak ezkerrera biratu zituen haren politikak, orduan Amerikan sortzen ari ziren ezkerreko gobernuekin bat eginez– Brasilgo Lula, Venezuelako Chávez, Boliviako Morales, Ekuadorreko Correa…– . Batzar Konstituziogilea martxan jartzen saiatzen ari zenean, 2009ko ekainean elite kontserbadoreak, armada lagun, Zelaya boteretik kendu eta herrialdetik kanporatzea lortu zuen.
Justizia poetikoa dirudi 12 urteren ondoren, Manuel Zelayaren emaztea eta 2009an lehen dama zena izatea orain elite kolpistaren ordezkari politikoa boteretik botako duena. Okerrik ezean, Xiomara Castro lehen emakume presidentea izango da Hondurasen, azken 24 urteetan hauteskundeetan izandako parte-hartzerik handienarekin (% 68), eta bipartidismoa, Hondurasen ere bai, zaurituta utziz.
Joera sozialdemokrata duen espektro politiko osoko alderdien koalizio baten eskutik aurkeztu da Castro. Hala ere, 2009an Zelayarekin gertatu bezala, bipartidismoak komunismoaren komodina haizatu du berriro haren kontra egiteko, Castrok “komunismo bolibartarra” inportatu nahi duela esanez.
Castro boterera iritsiko da lapurreta, ustelkeria eta droga-trafikoaren aurkako bandera altxatuta. Eta, egia esan, hori ez da izango zuzendu beharko lukeen egiturazko arazo bakarra. Unibertsitate Nazional Autonomoaren arabera, Hondurasko hamar milioi biztanleen %59 pobrezian bizi da. Gainera, azken urte hauetan bi urakan handik jo dute herrialdea, eta pandemiak ondorio gogorrak eragin ditu. Honduras migrazio-gune nagusietako bat bihurtu da munduan. Ia milioi erdi hondurastarrek etxetik alde egin dute azken lau urteotan, ustelkeriak gainezka egindako herrialdean bizitza duina garatzeko aukerarik gabe.
1 Iruzkin
Ea zenbat denbora irauten duen. Ematen du presidente ohia AEBtako fiskaltza atzetik duela; ea horrek ezer laguntzen duen.