Mozal Legea izan da azken hamarkada honetan arbuio kuantitatibo eta kualitatibo handiena eragin duen legea, bai Espainiako Estatuan, bai nazioartean. Aktore politiko eta sozialen gehiengo zabalak, ikuspegi kritiko askotatik, errefusatu zuen araudia, bakar-bakarrik lagata legearen sortzaileak: PP eta Poliziaren sindikatuak.
Sei urte baino gehiago pasa dira indarrean sartu zenetik. Mozal Legearen bitartez herritarrak masiboki zigortu eta isundu dituzte legearen kontra mintzo direnek, gurean EAJ eta PSE/PSN buru. Espainian, oposizioa zirenean Mozal Legea indargabetzeaz hitz egiten zuten PSOE-k eta Podemos-ek. Gobernuan sartu eta ia bi urtez gaiari heldu gabe izan ondoren, orain legea moldatzea da asmoa. Izan ere, leungarririk onena izaten jarraitzen du moketa zapaltzeak.
Lege bidegabe horren bidez herritarrei egindako gehiegikeriak salatu dituzten gizarte-eragile guztiek antzera hitz egin dute: “Makillajea da, erreforma epela da, deskafeinatua eta berme gutxikoa”. Jakina, aurrerapenak ere eduki baditu: bat-bateko manifestazioak egiteko eskubidea aitortzea; identifikazio eta miaketetan polizien neurriz gaineko jarrerak mugatzen saiatzeko neurriak ezartzea; eta isunen zenbatekoa pertsona bakoitzaren diru-sarreren araberakoa izatea.
Baina erreforma horiek ez dira nahikoak. Adierazpen-, bilera-, manifestazio- eta informazio-askatasunek jarraituko dute mozala jarrita edukitzen, oinarrizko eskubideak praktikara erabiltzeagatik herritarrak gehien zigortzeko erabili dituzten artikuluak bere horretan mantenduko baitira. Adibidez, 36.6 eta 37.4 artikuluak: desobedientzia, identifikatzeari uko egitea edota polizia agentearekiko errespetu falta zigortzen dutenak, eta poliziei arbitrariotasuna bermatzen dietenak. Herritarren segurtasunaren arloan jarri dituzten isun guztien ia hiru laurdenen errudun dira bi artikuluok.
Segurtasunerako Legeari izena aldatu eta Mozala erantsi izanaren oinarri nagusietako bat ere mantenduko dute: polizien “egiazkotasun-presuntzioa”. Hau da, polizien hitzek beti izango dute arrazoia. Legearen erabateko aplikazio arbitrarioa ahalbidetu eta isunen aurrean herritarrak egoki defendatzea eragozten duen muina ez dute eraldatu nahi izan.
Herritarrak eta herri mugimenduak lege berriaren idazketatik kanpo utzi dituzte, nahiz eta lege horren ondorio zuzenak herritarrok sufritu ditugun. Hori ere ez da aldatu.
PSOE eta Podemos ez dira gai izan segurtasun indarren irudien erabilerari buruzko artikulu zital eta ezaguna ere indargabetzeko. Legearen moldaketak segurtasun-indarren irudiak espazio publikoan grabatzea eta zabaltzea ahalbidetuko duela esan dute. Hau da, Jorge Fernández Díaz PPko Barne ministroak berak ere orain dela bost urte onartu zuena publikoki.
Hortxe dago gakoetako bat. Afera ez da legearen formulazioa. Izan ere, oraingoa askoz atseginagoa da. Funtsa da polizien inpunitateari ez diotela heldu nahi. Bestela, galde diezaiotela hilabete honen hasieran Guadalajaran epaitu duten Diego Herchhoren ekintzaile eta argazkilariari. Lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu dute haren kontra 2019ko martxoan etxegabetze batean argazkiak egin eta kaleratzea gauzatu zuten agente judizialak (ere) agertzen ziren irudiak zabaltzeagatik.
17 urteko ama, 19 urteko aita eta 5 hilabeteko umea kalean utzi zituztenak ez ditu inork epaitu edo isunik jarri. Protesta egiten edo zabaltzen duenak jarraitzen du legearen jomugan. Hori ez da erreformatu.