Migrazioari aurre egiteko: Pepsi, Microsoft eta Mastercard

Axier Lopez
0
Kamala Harris eta Guatemalako Presidente Alejandro Giammattei. AP - J. Martin

AEBetako presidenteorde Kamala Harrisek hilaren 12an iragarri du “legez kanpoko migrazio masiboari” aurre egiteko plan berria. 1.200 milioi dolar inbertituko dituzte Erdialdeko Amerikan, batez ere Guatemalan, Hondurasen eta El Salvadorren. Diruaren herena baino gehiago inbertsio pribatua izango da, PepsiCo, Microsoft, Nespresso, Cargill eta Mastercard enpresen eskutik, besteak beste. Helburua da “zonaldean egoera ekonomikoa hobetzea eta enplegua sortzea sektore pribatuarekiko lankidetzaren bidez”. Eta horrela, Joe Bidenekin batera boterera iritsi zenetik Harris behin eta berriz errepikatzen ari den esaldia erakargarriagoa egitea: “Do not come“. Migratzaileak, ez etorri AEBetara.

Harrisen arabera, Erdialdeko Amerika bizigarriagoa egin nahi dute, indarkeria, ustelkeria eta pobrezia murriztuz. Azken hiru hamarkadetan–gutxienez– zonaldean eragiteko AEBek abiatu dituzten “plan solidario” guztien ohiko helburu onberak. Milaka milioi dolarreko plan handiustekoak, baina oso emaitza urriak izan dituztenak. Eta esan beharrik ere ez dago diru mugimendu hori sarri amaitu dela oso esku gutxitan, eta gehienak ustelak.

Bere kapsulekin mundua aluminiozko zaborra bete duen Nestle taldeko Nespresso enpresak bere enpresarentzako kafe-hornidura zabaltzeko konpromisoa hartu du hiru herrialdeetan. PepsiCo, munduko elikagai eta edarien ekoizle nagusietakoaren kasuan, 190 milioi dolar iragarri ditu Guatemalan bere azpiegiturak eta fabrikazio-gaitasunak hobetzeko, bere banaketa-bideen hedapena barne. Cargillek, soja herri indigenen aurkako indarkeriagatik edo Malaysiako, Indonesiako edo Boli Kostako landaketetan esklabotzaz eta haurrak lanean izateaz salatutako multinazional erraldoiak ere 150 milioi erabiliko ei ditu “Honduras, Guatemala eta El Salvadorko 19.000 nekazariri laguntzeko”. MasterCarden asmoa da 5 milioi pertsona inguru “ekonomia digitalera eramatea”. Microsoftek hitz handitan iragarri du berari esker “milioi bat erabiltzaile baino gehiagori eskaini diotela Interneterako sarbidea Hondurasen, komunitate indigenak barne”.

Sistema ekonomiko ankerraren aterpean jaio eta hazitako multinazionalek sistema horren beraren biktimak salbatuko dituzte. Gizatasunagatik eta uko eginez beren helburu nagusi bakarrari: gero eta diru gehiago lortu eta metatzea. Kapitalismo gizatiarraren ipuinarenak ez du egin, oraino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA