Nazioartean uso, etxean…

Axier Lopez
0
Obrador, 2018ko hauteskundeetako ekitaldi batean. Argazkia: EFE

Mexikoko presidente Andrés Manuel López Obradorrek Espainiarekiko harremanetan “etenaldia” egitea proposatu du, urte luzez enpresa espainolek konkistatzaileen antzera jardun dutelako, botere politikoaren babesean. Etenaldi bat, atsedenaldi bat, aldebiko harremana normalizatzeko, Mexiko konkista-lur gisa ikus ez dadin. Hala ere, berehala argitu du “planteamendu publikoa” dela, eta ez “adierazpen diplomatiko formala”. Hau da, ez dela ezer aldatzen, dialektika hutsa besterik.

Repsol eta Iberdrola Espainiako enpresen praktika mafiosoen adibide gisa jarri ditu Obradorrek. Vicente Fox eta Felipe Calderón presidenteen agintaldietan, “kalte larriak eragin zizkioten Mexikori, baina negozio borobilak izan ziren haientzat”.

Hala, mezu aldetik, Obradorrek jatorrizko herriekiko errespetuzko irudia eskaintzen jarraitzen du nazioartean, neokolonialismoarekiko kritiko. Baina…

Inbaditzailea ere etxean dago
1990eko hamarkadaz geroztik, multinazionaletan nagusi den ikuspegi inperialistak posible egin ditu (nagusiki, Espainiako) enpresen gehiegikeriak Mexikon eta Abya Ayalako gainerako herrialdeetan. Baina “Amerikaren birkonkista” delakoa gauzatzeko hori ez litzateke nahikoa izango, tokian tokiko agintarien ustelkeria eta politika interbentzionistarik gabe.

López Obrador 2018an boterera iritsi zenean, indigenen mugimenduko kide asko ofizialismoaren lerroetara batu zen, hamarkadetan betikotu den “gobernua = zapalketa” bikotea aldatzeko ilusioz. Hala ere, ofizialismoan sartu izanak ez du aldaketa nabarmenik ekarri orain arteko herri indigenen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen aitorpenean. Horregatik, zapatistak oso kritikoak dira Obradorrekin.

“Herri indigenak Mexikoren herentzia kulturalaren funtsezko partetzat” hartzen ditu Obradorren gobernuak. Areago, nazionalismoaren ohiko diskurtso paternalista horri segituz, herri horien izenean hitz egitera ere heldu da Obrador, adibidez, Espainiako Gobernuari barkamena eskatzea gomendatu zionean, konkistaren 500 urteetan kolonialismoak eragindako ondorioengatik.

Baina okerrena da politika bertikal eta desarrollistak indarrean jarraitzen duela. Mexikoko herri indigenen bizitzan eta lurraldean ondorio nabarmenak izango dituzten hainbat megaproiektu ditu esku artean Obradorrek, polemika handia piztu dutenak. Horietako bat da Tren Maya megaobra turistikoa. 1.554 kilometroko trenbide batek Chiapas, Tabasco, Campeche, Yucatán eta Quintana Rooko gune turistiko nagusiak lotu nahi ditu, lurralde-berrantolamendu sakona eraginez. Eskualde horietan pobrezia %50ekoa da, eta Chiapasen %75ekoa. Txiroa izateari uzteko errezeta, beste behin ere, lehen mundutik turistak ekartzea da. Eta, noski, turismoa bai, baina oraingoan “jasangarria”.

Jatorrizko herrien autonomia onartzen du ezkerreko gobernuak txostenetan edo kamera aurrean, baina beti ere, estatuko megaproiektu estrategikoen garapenari eragiten ez badio. Washing ariketa bat, “Euskadi Auzolan” honetan abiadura handian ezaguna egin zaiguna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA