Eta orain zer? Gako batzuk Vladimir Putinen diskurtsotik tiraka

Axier Lopez
0

Askoren harridura eragin du Luhansk eta Donetsk-eko independentziaren onarpenak. Munduko hedabide gehienen lerroburuak okupatzen ari den gaiaz hainbat gako eskaini du Errusiako presidenteak asteleheneko agerraldian. Hona horietako batzuk eta aurrera begirako aukera batzuk.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Donetsk eta Luhanskeko Herri Errepubliken independentzia onartu du astelehenean, Segurtasun Kontseiluaren bilera batean. Hamairu kontseilukideen aurrean agertu da Putin, –tartean Dmitri Medvedev, presidente ohia eta lehen ministro ohia, eta Sergei Lavrov Kanpo Arazoetako ministroa– eta Mendebaldeko gobernuetan oso ohikoa ez den eran, atrilera igo dira banan-banan, bi errepublikak estatu independente gisa formalki onartzeko arrazoiak emateko. Putinek ere, Errusiari begira ezezik, nazioartera zuzendutako diskurtso landua eskaini du.

Putinek asteleheneko diskurtsoan indar handia jarri du Ukraina estatu-nazio gisa zalantzatan jartzeko. Behin baino gehiagotan aipatu du Ukraniaren sorrera eta historiari errepaso zabala egiten saiatu da. Putinen hitzetan, Ukraina –1920, 1940 eta 1950eko hamarkadetako Sobietar Batasuneko mugen trazaduraren ondorioz– lurralde-eraikuntza “artifizial” bihurtu zen. SESBaren kolapsoaren ondoren, historikoki errusiarrak izan diren lurraldeak bere egin zituen. Eta hortik dator egun Ukrainan kulturalki errusiarrak diren herritarren aurka gobernuak abiatutako jazarpena.

Leninen aurka

“Hasteko, esan behar da Ukraina modernoa Errusiak sortu zuela bere osotasunean, zehazki, boltxebikeen eta komunisten Errusiak. Prozesu hori 1917ko iraultzak irabazi eta ia berehala abiatu zen”, esan du Putinek astelehenean. Gaineratu du Lenin izan zela Ukrainako “egilea eta sortzailea” eta “akatsa” egin zuela boltxebikeek Ukrainari lurrak eman zizkiotenean. Putinen arabera, akats izugarria izan zen boltxebikeek errepublikei estatu bateratutik inolako baldintzarik gabe bereizteko eskubidea ematea. Erabaki hori “guztiz ulertezina” da, baita “eroa” ere, eta “soilik uler daiteke kontuan hartzen badugu iraultzaren ondoren, boltxebikeen helburu nagusia kosta ahala kosta boterean mantentzea zela”.

Era berean, Stalini egotzi dio “Polonia, Errumania eta Hungariakoak ziren lur batzuk” Ukrainara batzea. “Eta 1954an Nikita Khrustxov presidente ohiak Krimea kendu zion Errusiari eta Ukrainari eman zion. Horrela sortu zen Ukraina sobietarraren lurraldea”, esan du Putinek.

Horregatik guztiagatik, Ukraina huts egindako estatua dela dio, non gaur egun erabakiak Mendebaldeko kapitalaren kontrolpeko agintari “ustelek” hartzen dituzten. Baina, garrantzitsuena, azpimarratu du, Ukraina NATOra hurbiltzean, benetako mehatxu bihurtu da Errusiarentzat eta horri Errusiak erantzun egin behar dio.

Ukraina: NATOko kidea de facto
Putinen hitzetan, Ukraina arriskutsua da Errusiarentzat 2019tik estrategia militar berria indarrean jarri zuenetik. Estrategia horretan jasota dago Ukrainak nazioarteko laguntza bilatuko duela Errusiarekin duen konfrontazio geopolitikoari aurre egiteko. Putinek gogorarazi duenez, NATOren dokumentuetan Errusia da euroatlantismoaren mehatxu nagusia. Putinek adierazi du oso serio hartu behar direla Ukrainako presidente Volodymyr Zelenskyren hitzak. “Zelenskyk esan baitu akatsa izan zela Ukrainak arma atomikoak deuseztatu izana”. Putinek arrisku gisa ikusten du Ukraina berriro arma nuklearrak eskuratzen saiatuko dela Mendebaldearen laguntzarekin. NATOk Ukrainan misilak jartzeak arrisku handia ekarriko lukeela gaineratu du.

Putinek azpimarratu du Errusiari gezurra esan ziotela 1990eko hamarkadan NATO Alemania bateratutik haratago hedatuko ez zela agindu ziotenean. Errusiaren nahiak ondorengoak dira: NATO Errusiako mugetara hurbiltzeari uztea, Ukraina eta Georgia ez daitezen NATOko kide egin eta NATO 1997ko posizioetara (gutxi gora behera, Alemaniatik mendebaldera) itzul dadin. Eskari hauen aurrean, NATOren erantzuna ezezkoa izan da, eta Putinen hitzetan, aitzakia oro baliagarria da Errusiari zigorrak ezartzeko.

Eta hala, Putinen aurrikuspena da Ukraina NATOn sartuko dela, besteak beste, gaur egun NATOko kide gisa jokatzen ari delako. Halaber, Errusiako presidenteak adierazi du Ukrainako Gobernuak terrorismo islamikoa ere baliatu duela Krimea berreskuratzeko ahaleginean, eta Errusiako inteligentzia zerbitzuen frogak aipatu ditu.

Errusia-Ukraina harremanen etenaren “ondorio txarrak”

Ukrainako independentziaren ondoren, merkataritza harreman bereziak zeuden Ukraina eta Errusiaren artean. Adibidez, Errusiak gasa saltzen zion Ukrainari oso merke. Zer lortu du Ukrainak Errusiaren aurkako politikak martxan jarri dituenetik? Ondorio kaltegarriak besterik ez, Putinen ustez. Datu hauek eskaini ditu: 2014tik Ukrainak sei milioi biztanle galdu ditu, bere biztanleriaren %15 herrialdetik kanpora joan da. Pandemia garaian, 2020tik, 60.000 medikuk alde egin dute Ukrainatik. 2014tik, uraren prezio ia heren bat igo da, eta energiarena biderkatu da; adibidez, etxeetarako gasaren prezioa dozenaka aldiz igo da. Jende askok ez du dirurik zerbitzu publikoak ordaintzeko. Literalki, bizirauteko borrokatzen ari dira.

Ukrainaren desindustrializazio prozesua ere aipatu du Putinek. Lehen Ukrainan ekoiztutakoak (ibilgailuak, makinaria, gailu elektronikoak, itsasontziak, hegazkinak…) Errusian zuen eskari handia, eta truke ekonomiko hori oso kaltetuta geratu da bi herrialdeen arteko harremanak hautsi zirenetik. 2014tik aurrera ezer ekoizten ez duten ontziola baten eta hegazkin fabrika baten kasu zehatzak aipatu ditu. Era berean, Ukrainatik igarotzen diren gasbideen sarea ere egoera tamalgarrian dagoela aipatu zuen. Laburbilduz, Errusiarekiko urruntzearen balantze orokorra Ukrainarentzat: pobrezia handitzea eta ekoizpen-ahalmena galtzea.

Putinek gogorarazi du Errusiak bere gain hartu zuela SESB desegin ondoren beste herrialde eta nazioarteko funtsekin zuen “zor handia”. 100 bilioi dolar ingurukoa. Putinek azpimarratu nahi izan du, zor hori, osotasunean, Errusiak hartu zuela bere gain, ez Sobietar Batasuna osatzen zuten lurralde guztiek (Ukraina bezala). Zorra kitatzeko azken ordainketa 2017an egin zuela Errusiak, aipatu du.

Ukraina txotxongilo

Agintari ukrainarrei ustelkeria egotzi die Putinek, eta lapurtu duten dirua Mendebaldeko bankuetan dutenez, Ukraina Mendebaldeko interesen menpe dagoela.

Egungo Ukrainako Gobernua AEBek finantzatutako estatu-kolpearen ondorio dela aipatu du, eta zehazki azpimarratu du, AEBetako enbaxadak Maidaneko protesten liderrei  egunero ordaindu egiten ziela. Putinek dio Ukrainan egiatan gobernatzen dutenak ez direla ageriko politikariak, baizik eta herrialdea kanpotik zuzenduta dagoela. Besteak beste, aipatu zituen Mendebaldeko GKEak Ukraina kanpotik kontrolatua izateko funtsezko zati gisa. “Ukraina kolonia bat da, eta bere buruzagiak txotxongilo hutsa”. Ukrainako politika nazionalaren jabe egin dira nazionalismo oldarkorra eta neonazismoa, gaineratu du.

Horregatik guztiagatik, Errusiak Luhansk eta Donetsken independentzia onartu ditu. Eta ohartarazpen gogorra egin dio Putinek Kievi: haurrak, adinekoak… Donbasseko herritarrak hiltzeari utzi, 2014tik egin duen bezala. Eta berriro genozidiotzat jo du Ukrainako Gobernua Donbassen egiten ari dena, duela gutxi prentsaren aurrean Olaf Scholz Alemaniako kantzilerraren aurrean egin bezala.

Eta orain zer?

Hasteko, Putinek ez du argitu zalantza handi bat. Donetsk eta Luhanksen independentzia onartu dute, baina Donbass osoarena ala miliziek kontrolatzen dituzten lurraldeena? Onartutako testuan ez da argi agertzen non ezarri duten muga eta horrek zalantza irekita uzten du Ukrainako armadaren menpe dagoen lurraldearen inguruan. Seguru aski Errusiak nahita gorde duen karta bat da, gatazkaren garapenaren arabera joka lezakeena.

Luhansk eta Donetskeko Herri Errepubliken independentzia onartuz, Errusiak Ukrainako Gobernuaren eta Mendebaldearen mehatxuari aurre egin dio pausu arriskutsu baten bitartez, baina agian, bi potentzien arteko eskala handiko gerra saihesteko balioko du, Errusiari gerra zabalago batek ekarriko lizkiokeen eta inondik inora nahi ez dituen kostu handiak alboratuz. Eta gainera, seguruena, Errusiako erabakiak ekarri du gerra bat geldiaraztea: Donbasseko “intentsitate txikiko guda”. Hori bai, nazioartera zabalduko da krisia eta ekar lezakeenak ez du zertan batere gozoa izan behar.

Antza, inork ez du nahi Minskeko Akordioen inguruan eztabaidatzen jarraitu. Akordioak sinatu zirenetik ez dira inoiz gauzatu, eta urraketak bata bestearen ondotik etorri dira, eta ez Errusiaren aldetik hain zuzen ere. Errusia izan baita akordio horien defendatzaile nagusia. Bada, hemendik aurrera, akordioen inguruko eztabaida jada ez da tentsio-iturri izango, Ukrainak zazpi urtez akordioak betetzeari uko egin ostean.

Kosovok ezarritako mugarria buruan, Herri Errepubliken independentzia onarpenarekin Ukrainako politikan eragiteko zituen bi zonalde nagusiak “galdu” ditu Errusiak. Baina bestetik, Ukrainak Donbasseko gerraren karta ere galdu duela esan genezake. Karta hori jokatuko balu, Errusiako Armada izango lukete aurrean aurrerantzean. Eta horren adibiderik argiena Krimean dugu. Errusiak bereganatu zuenetik, Ukraina ez da ezta hurbildu ere egin, de facto Errusiako lurralde bilakatu zelako.

Halere, honek guztiak balio izan du 2014tik Mendebaldeak errepikatu duen gezurretako bat agerian uzteko: Errusiak ez du troparik izan Donbassen. Hemendik aurrera, bai. Adibidez, AEBek Sirian tropak dituzten bezalaxe, Siriako Gobernuaren nahiaren kontra. Eta gainera, ageriko beste bat geratu da ipurdi bistan: Errusiak ez zuen eta ez du Ukraina inbaditzeko asmorik, Mendebaldeko hedabide nagusi gehienek batera errepikatu arren.

Lehen segundotik, AEBek, NATOk eta Ukraina inguruko herrialde gehienek esan dute ez dituztela tropak Ukrainara bidaliko. Oraingoz argi dago Mendebaldea Errusiari zigorrak ezartzen hasiko dela. Ikusteko dago zigorren gogortasuna, eta zer eragina izango duten, baina bide horretatik sakonduz gero, Errusiak ere Ukraina ekonomikoki zigortzeko aukera asko dauka (Errusia da gaur gaurkoz Ukrainak harreman ekonomiko handienak dituen herrialdea). Horregatik, seguruenik, Kieven erantzuna, momentuz, epel xamarra izan da.

Errusiako ekimenak indartu du, nolanahi ere, Mendebaldearen erabakitasuna, Erresuma Batuaren eta Alemaniaren berehalako erantzunak ikusita; iragarri baitute ez dutela Errusiako Nord Stream 2 gasbidea baimenduko. Egoera gogortzen jarraituz gero, eta noizbait Errusiak erabakiko balu gas hori, Europari beharrean, txinatarrei saltzea, argudio faltan ez lirateke izango. Europar Batasuneko, eta bereziki Alemaniako, industria kaltetuta aterako litzateke, ezbairik gabe (AEBen barre txikiarekin).

Errusiaren eta AEBen eta haien interesen menpeko Europar Batasunaren arteko tira-bira historikoaren beste kapitulu bat dugu begi aurrean. NATOren hedapen-irrika ez da berehala geldiaraziko, AEBen hegemonia gero eta zaurituago dagoelako. Eta historiak irakatsi digunez, inork ez du boterea bere borondatez uzten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA