Nazio Batuen Batzar Nagusiak Errusia Giza Eskubideen Kontseilutik botatzea erabaki du, egungo egoera geopolitikoa oso grafikoki islatu duen bozketa batean. 93 herrialdek Errusia kanporatzearen alde bozkatu dute –Mendebaldeko nazio guztiak eta Hego Amerikako batzuek, nagusiki–. Beste 24 aurka azaldu eta 58 abstentzio izan dira. Aurkakoak eta abstentzioak batuta, munduaren gehiengoak ez du Errusiaren kontra egin, ez herritarren kopuru aldetik, ez lurralde hedaduraz. Gai honetan batasun itxura eman nahi bada ere, munduko egoera ez da inolaz ere horrela.
Errusiaren aurkako zigorretatik haratago, Ukrainatik iristen diren albisteek urdaila iraultzen jarraitzen dute. Azken aste honetan protagonista nagusia Bucha hiria izan da. Gorpuz jositako kaleetan hartutako irudiek munduari bira eman diote eta nazioarteko gaitzespena eragin dute. Han bertan dauden kazetariek, tartean euskal herritarrek, adierazten dutena hauxe da: Errusiako armada hiritik atera ondorengo panorama makabroa da. Alkatearen arabera, gutxienez 300 pertsona hobi komunetan lurperatu dituzte. Der Spiegel aldizkariak ostegunean argitaratu zuen Errusiako iturri militarren irrati mezuak atzeman zituela Alemaniako inteligentzia agentziak, Buchako zibilen sarraskiaz hitz egiten zutenak. Gerra erabat mediatiko honetan, oraindik asko dago argitzeko. Berbarako, Mariupoleko ospitaleko bonbardaketaz Mendebaldeko hedabide nagusiek zabaldutako bertsio ofiziala ezbaian jarri du Marianna Podgurskaya “argazkietako protagonistak” berak, baita Errusiak erasoaz esandako bertsio batzuk ere gezurtatu. Azkar sinestea ariketa arriskutsua da gerran.
The New York Times egunkariak ukrainarren bideo bat egiaztatu eta zabaldu du asteazkenean. Irudietan Ukrainako armadako hainbat kide agertzen da martxoaren 30ean Kieven bahitutako soldadu errusiarrak exekutatzen. Errusiako tropak zonaldetik alde egiten hasi ziren egunetan, Dmytrivka herrixkan – Buchatik 11 kilometrora– grabatuta egon liteke. Gorpu batzuk ageri dira eta nola ukrainar soldadu bat behin eta berriz tiro egiten dien. Gorpuak errepide gainean botata daude eta Errusiako armadaren zinta zuri bereizgarria dute. Hala balitz, Nazioarteko Zuzenbidearen arabera gerra krimena litzateke eta beraz, Ukrainara armak bidaltzeari utzi beharko lioke Mendebaldeak. Baina beleak ez du belakirik jaten. NATOren Jugoslaviako sarraskiak ala NBEko soldadu urdinen emakumeen bortxaketa ugariak, tarteko.
Bien bitartean, sarraski eta sarraski artean, Volodimir Zelenskiren tournéeak aurrera jarraitzen du. Bere herria, nagusiki Donbass, behin eta berriz bonbardatu duen presidente batek, Gernika ekarri du gogora antzoki bilakatutako Espainiako Kongresuan, ezker eta eskuineko ikus-entzuleen txaloen aurrean. Ondoren Greziara joan da, eta han hitza eman dio Azov talde neonaziko soldadu bati, askatasunaz hitz egin dezan. Hemen ez bezala, han behintzat, eragile batzuk ez dira isilik geratu, tartean Syriza.
Ziurtasun ideologikoak zartaturik dauden garaiotan, dena da posible.
4 Iruzkin
Espainian faxismoa eta frankismoa ugari.
Kongresuan txaloka diputatu gehien handi bat Zelenskiri, ustean, Gernikako bonbardaketa aipatzearren. rtve 24horasek Zelenskiren hitzok bonbardaketari buruz esplikatu zuen esanez Zelenski hace mención a la historia española eta kitto. Gero bideoa bertan telebistan Zelenski berbetan. Orduan bai, bonbardaketa aipatzen eta gero Espainiako enpresak irten daitezela Errusiatik eskatzen. Ba, tv hori ondo eta zabal aritu zan enpresa horri buruz baina Gernikari buruz inolako ezebez.
Barkatu Kepa. Iruzkinak eskuz onartu behar ditugu bestela Spama asko sartzen da, eta oporrak tarteko ordenagailu aurrean ez naiz egon. Milesker ekarpenagatik!
[…] (https://blogak.argia.eus/begizta/2022/04/08/bucha-gernika-eta-antzerkia/) […]
[…] (https://blogak.argia.eus/begizta/2022/04/08/bucha-gernika-eta-antzerkia/) […]