Bukele, mendeku politika eta espektakulua

Axier Lopez
0
Maretako kideak Ciudad Barrios espetxean, martxoaren 27an. Argazkiak: El Salvadorreko Lehendakaritzaren Prentsa Idazkaritza

87 pertsona hil dituzte El Salvadorren martxoaren 25etik 27ra. Horietatik 62 egun bakar batean. Mende honetan herrialdean erregistratuta dagoen egunik bortitzena izan da. Poliziaren txostenaren arabera, biktimetatik 13 baino ez ziren Marako (gaizkile taldea) kide.

Nayib Bukele presidentearen erantzuna azkar etorri da eta salbuespen egoera ezarri du. Hala, zenbait eskubide konstituzional indargabetuta daude –elkartzeko eta biltzeko eskubidea, kasu– eta atxiloketa-aldia luzarazi dute –hiru egunetik 15era–. Bukelek igandean esan zuen jendeak ez duela zertan murrizketa horren beldur izan, “salbu eta zu gaizkilea bazara edo agintariek susmagarritzat jotzen bazaituzte”.

Horrek areagotu egin du erakunde sozial eta politiko askok aspalditik salatu duten beldurra: Gobernuaren deriba autoritarioa eta Bukele gaizkile taldeen delituak baliatzen ari dela disidenteak inguratzeko. “Etsaien” zerrenda horretan daude, besteak beste, giza eskubideen babeserako elkarteak, ingurumenaren aldeko kolektiboak, kazetariak eta oposizioaren politikariak.

Lehen errepresio neurri gisa, gobernuak erabaki du pandilleroak preso dituzten kartzeletako baldintzak asko gogortzea. Eskubiderik gabeko subjektu gisa aurkeztu dituzte presoak eta azokan ganadu gisa publikoki erakutsi; bahitu edo trukerako txanponen erara politikoki erabiltzeko. “Dena konfiskatu diegu, baita lotarako koltxonetak ere. Janaria murriztu diegu eta orain ez dute eguzkia ikusiko. Hiltzeari utzi edo haiek ere ordainduko dute “, idatzi zuen Bukelek. Zigorra oinarri duen espetxe-logikaren erakustaldi aparta, presoa gizarteratzeko funtzioa lurperatu eta mendekuari leku osoa eman dio Bukelek. Oso politika eraginkorra komunikabide sentsazionalistentzat, baina presoei janari gutxiago emateak edo ziegetan pilatzeak nekez hobetuko dute ezein herrialderen egoera. “Gerra giro” horretan sakonduz, Bukelek pandilleroen laguntzat jo ditu nortzuk eta “giza eskubideen GKEak, nazioarteko komunitatea eta kazetariak”.

Espektakulu mediatikotik aparte, Bukelek munduari helarazi nahi dion irudi gogor eta zigortzailearen ifrentzuan, bere gobernua hiru mara bortitzenekin negoziatzera eseri da azken urteotan. Iaz, fiskal nagusi ohiak baztertu eta El Faro hedabideak argitara eman zuen ikerketa batek agerian utzi zituen Mara Salvatrucha (MS13), Barrio 18 Revolucionarios eta Barrio 18 Sureños-ekin izandako negoziazioak.

Horregatik, El Salvadorreko oposizio politikoak dio azken hilketa olde horrek lotura duela marek gobernuarekin isilpean lortutako akordioen hausturarekin, eta horren ondorio dela pandilleroen erreakzio bortitza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA