Go home Gota

Axier Lopez
0
AFP - Ishara S.

Sri Lankak, 1948an independentzia lortu zuenetik, krisi ekonomikorik larriena bizi du. 22 milioi lagunek hamabi orduko argindar mozketei eta premiazko produktuen –elikagaiak, erregaiak eta sendagaiak– eskasia orokorrari egin behar diete aurre. Urte hasieran inflazioa maximo historikora iritsi zen eta elikagaien prezioak %24 puztu ziren. Sri Lankak, historian lehen aldiz, ordaintzeari utzi behar izan dio kanpo-zorra –2021eko apirilean 35.100 milioi dolar ingurukoa–, eta horietatik 7.000 milioi urte honetan bertan pagatu beharrekoak dira.

Munduko krisi ekonomiko guztietan presente dagoen aktoreak Sri Lankan ere badu eragina: Nazioarteko Diru Funtsa. 1965etik, 16 mailegu egin dizkio Sri Lankari. Azkena, 2016an, 1.500 milioi dolarrekoa. Eta trukean, betiko errezeta: “Austeritatea”. NDFk eskatutako austeritate-neurriek inbertsio publikoa murriztu dute, biztanleriaren eguneroko ongizateari kalte eginez. Eta gainera, ekuazio horri bi urteko pandemia gehitu behar zaio, turismoa bezalako sektore hegakor eta arriskutsuaren menpe dagoen herrialdean.

Gobernuak zergak orokorki murriztu zituen, biztanleriaren zati handi bat zuzeneko zergarik gabe utziz. Horrek gobernuaren ospea handitu zuen, batez ere delako klase ertainaren artean, baina zerga murrizketa horiek ez zuten inbertsioa eta garapen ekonomikoa sustatzea lortu. Eta horrela, urtez urte, aurrekontuetako defizita zenbat eta handiagoa izan, are handiagoa izan da nazioarteko espekulazio merkatuekiko zorpetzea.

Laburbilduz, ekonomia porrot egiteko zorian dago, eta biztanleriaren zati handi batek oso argi dauka nor den erantzule nagusia: presidentea. Gotabaya Rajapaksak ez du dimititu nahi, 2019an ia zazpi milioi pertsonen babesa jaso zuela etengabe errepikatuz. Rajapaksak eta bere familiak Sri Lankako bizitzaren ia alderdi guztiak kontrolatu dituzte azken ia bi hamarkadetan. Hainbat senidek karguak ditu gobernuan; esanguratsuena lehen ministroa da: Mahinda Rajapaksa, presidentearen anaia. Mahinda ere Sri Lankako presidentea izan zen ia hamarkada batez (2005-2015) eta berak zuzendu zuen 2009ko erasoaldi militarra Tamil Eelamgo Askatasun Tigreen aurka. Emaitza dramatikoa izan zen: 15.000 tamil baino gehiago hil edo desagerrarazi zituzten garai hartan, eta nazioarteko hainbat begiralek gerra krimenak leporatu zizkioten Rajapaksa familiako buruzagiari.

Go home Gota lelopean, dimisioak eskatzeko mobilizazioak etengabeak izan dira azken asteotan. Ostegunean greba orokor arrakastatsua egin zuten eta igandean, Langileen Nazioarteko Egunaren aurkako protesten barruan, milaka lagun elkartu dira Colombo hiriburuan. Protestaren gune nagusia presidentearen bulegoaren ingurumaria da. Presidenteak etxe horren barruan egon behar izan du herritarren haserrea zabaldu zenetik, erabat gotortuta, kanpoan kanpatzen ari diren manifestariek inguratuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA