Non dira?

Axier Lopez
0
Pablo Porciundula / AFP

Uruguaiko diktadura zibiko-militarrean (1973-1985) desagertutako 197 lagunak kalera atera zituzten milaka lagunek beste hainbeste argazkitan, 27. Isiltasunaren Martxan. Manifestazioa bereziki jendetsua izan da aurten, pandemiagatik bi urtez egin gabe egon ondoren.

Lehen Isiltasunaren Martxa 1996an egin zuten. Uruguaiko Estatuaren ekintza terroristak 20 urte bete zituenean. Maiatzaren 20ak gogorarazten du Buenos Airesen Manuel Liberoffen desagerpena, Zelmar Michelini, Hector Gutiérrez Ruiz, William Whitelaw eta Rosario Barredoren hilketak eta aitonak handik hilabetera berreskuratu zituen hiru seme-alaba txikien bahiketa. Dena Kondor Planaren barruan antolatu zuen estatuak: 1970eko eta 1980ko hamarkaden artean inguruko herrialdeen inteligentzia militarren arteko koordinazio errepresiboa. Garai hartan Uruguain Juan Maria Bordaberry Arozena zen presidentea, Nafarroa Behereko migratzaile artzainen ondorengoa, 1973an ganberak desegin ondoren 1985era arte hedatuko zen diktadura zibiko-militarra ezarri zuena.

Desagertuen Amak eta Senideak taldeko kideek adierazi dutenez, Indar Armatuek bahituta mantentzen dituzten gure desagertuen argazkiak gizarte osoak sufritutakoaren sinbolo dira, autoritarismorik latzenak zapaldutakoak. Estatuak erabaki eta burutu zituen krimen horiek, eta gaur arte ezkutuan eduki ditu, biktimak beste behin ere biktima bihurtuz.

Martxaren bidez eskatu dute estatuak aintzat har ditzan, desagertuen gorpuak entregatzeko eta egiari buruzko informazioa duten artxibo klasifikatuak entregatzeko. Era berean, “memoria kolektiboa berriro gezurrekin zauritu eta distraitu nahi dutenei emandako erantzuna” izan da. Zehazki, Kabildo Irekia aipatu dute, militarrek sustatutako alderdia, Uruguai gobernatzen duen eskuineko koalizioaren bazkide dena. Alderdi horrek, lehenik eta behin, iraungitze-legea erabat berrezarri nahi izan zuen, diktadura garaiko militarrak eta poliziak epaitzea galarazi zuen araudia. Halaber, lege-proiektu baten bidez, 65 urtetik gorako preso guztiei etxeko espetxealdia automatikoki ematen saiatu dira, baldintza jakin batzuk beteta. Diktaduraren errepresiogileak lirateke ia onuradun bakarrak.

“Zertarako ditugu Indar Armatuak hiru milioi biztanleko herrialde batean? Ez dugu ofizial, koronel eta teniente jeneral kopuru hori guztia behar”, adierazi du Elena Zaffaronik, Luis Eduardo González González Chiqui Alderdi Komunista Iraultzaileko militantearen emazteak. Atxilotu zituztenean, lau hilabeteko semeaz haurdun zegoen, azkenean gatibutzan jaio zena, Chiqui desagertuta zegoela.

Egiak oraindik ere gatibu jarraitzen du Uruguain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA