Filipinak: autoritarismotik diktaduraren zuriketara

Axier Lopez
0
Rodrigo Duterte (ezkerrean) eta Filipinetako presidente berria 'Bongbong' Marcos

Rodrigo Duterte eskuindar nazionalistak Filipinetako gobernua utzi du. 2016ko hauteskundeak alde handiz irabazi zituenetik, bere agintaldiaren zedarri nagusia “drogen aurkako gerra” izan da. Ustez narkotrafikoaren eta kontsumoaren aurkakoa zen kanpaina horren izenean, milaka pertsona hil dituzte –erakunde batzuek 20.000 biktima aipatzen dituzte, gehien-gehienak klase behartsuenetakoak–. Izaera autoritario eta murriztailea duten arau berriak ezartzeko oso baliagarria egin zaio gobernuari. Nazioarteko Zigor Auzitegiak ikerketa abiarazi du Filipinetan gizateriaren aurkako balizko krimenengatik.

Azken sei urteotan Duterteren “gerra” horren izenean izandako ustelkeria eta botere abusu kasuak salatu dituen komunikabideetako bat Rappler albiste atari ezaguna izan da. Eta, hain zuzen ere, presidentetza utzi baino egun bat lehenago, Duterteren gobernuak Rappler ixteko agindu du pasa den astean, atzerriko erakundeen esku dauden komunikabideen jabetzaren inguruko arauak urratzen dituela argudiatuta. Rapplerren sortzaile eta 2021eko Bakearen Nobel saridun Maria Ressak adierazi du prozedura “oso irregularra” izan dela. Kazetaritza ez da erraza izan urteotan. Pentsa, 2016ko ekainean, boterea hartzekotan zela, ondokoa esan zuen Dutertek prentsaurreko batean: “Kazetariak izateagatik ez zaudete salbuetsita erailak izatetik, putakumeak bazarete”.

Imelda eta Ferdinand Marcos diktadoreak AEBetako presidente Richard Nixonekin Manilan 1969an. ‘Bongbong’ Marcos aitaren beso artean da. Argazkia: White House Photo Office

Marcos bueltan da

Ekainaren 30ean burutu da botere-aldaketa: maiatzeko hauteskundeetan babes zabala lortu ostean, presidente berria Ferdinand Marcos diktadorearen semea izango da, Bongbong Marcos ezizenez ezaguna. Duterte badoa, baina ez bere klana. Bere alaba Sara Duterte-Carpio izango da Marcosen presidenteordea.

Marcostarrak boterean dira, diktadura amaitu zenetik 36 urte igaro ondoren. 1980ko hamarkadaren hasieran ustelkeria eta krisi ekonomikoagatik erregimena ahultzen hasia zen, baina erorketaren mugarri nagusia 1983ko abuztuan gertatu zen: oposizioko buru Benigno Aquino hil zuten, buruan tiro bat emanda, erbestetik bueltan Manilan lur hartu bezain laster. Bere alargunak, Corazon Aquinok, mugimendu bat gidatu zuen, 1986an diktadorea kanporatu zuena. Marcos eta bere familia Hawaiin erbesteratu ziren. Bera ez zen inoiz Filipinetara itzuli eta 1989an hil zen. Bere alarguna –diktaduraren aurpegi eta protagonista nagusia– Imelda eta semeak 1991n itzuli ziren Filipinetara Aquinoren baimenarekin, segurtasun nazionalerako mehatxua ez zirela iritzita. Handik gutxira, Marcostarrak berriz ere politikan sartuta zeuden, mantendu zituzten babes eta lotura politiko-ekonomikoei esker. Hala, Bongbong Marcos bera, bi arreba eta ama Imelda senatari, legegile eta gobernadore probintzialak izan dira azken urteotan.

Marcos familiako inork ez ditu diktaduran egindako ankerkeriak kritikatu edo erreparatzen saiatu, are gehiago, publikoki orduko gehiegikeriak minimizatu dituzte. Ferdinand Marcos juniorren garaipena diktadura zuritzeko urteetan egindako lanaren gailurra da. Izan ere, ultraeskuina eta autoritarismoa ez dira Europan bakarrik aurrera egiten ari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA