Panaman ere altxatu dira herritarrak

Axier Lopez
0

Ertamerikan ere errepikatzen ari da azken hilabeteetan herrialde anitzetan ikusten ari garena. Duela hiru astetik hona, hamarkadetako protesta sozial handienak aurrera eramaten ari dira herritarrak, manifestazio eta errepideen blokeo etengabeekin. Egoerari gainezka egin dion azken tanta erregaien gorakada geldiezina izan da. Horren ondorioz funtsezko beste produktu batzuetan ere eragin zuzena izan du, hala nola elikagaien kostuan.

Eskola publikoetako irakasle batzuek lanuzte nazionala deitu zutenean abiatu zen protestaldia. Denbora gutxian, erakunde ugari batu ziren borrokara herrialdeko hainbat tokitan. Mobilizazioetan antolakunde esanguratsu batzuk daude: Herrien Eskubideen aldeko Aliantza Nazionala (Anadepo) –irakasle, nekazari, arrantza-sektoreko langile, garraiolari eta ikasleen hogei bat talde barnebiltzen dituena–, Eraikuntzako Langileen Sindikatua eta Herri Indigenen Koordinakunde Nazionala. 32 puntuko eskaera zerrenda adostu dute: soldatak igotzea, elikagaien prezioak izoztea, osasunean, hezkuntzan eta ustelkeriaren aurkako politiketan inbertsio publikoa handitzea, ekoizpen nazionala sustatzea eta AEBen kontrolpean dauden lau base militarren ezarpena baztertzea eskatzen dute, besteak beste.

Beste herrialde batzuetan gertatu bezala, protestak lotuta daude agintarien kudeaketa politikoaren aurkako jarrera orokorrarekin eta askoren begitara jotzen den “diru publikoaren xahuketarekin”, baita azken hamarkadetako ustelkeria kasuekin ere. Adibidez, Panamako historian ustelkeriagatik egindako ikerketarik handiena, 80 inputatu baino gehiagorekin, irailaren 12rako atzeratu da. Inputatuen artean Ricardo Martinelli (2009-2014) eta Juan Carlos Varela (2014-2019) presidente ohiak daude. Ekonomia eta Finantza Ministerioak familien diru-sarreren banaketari buruz 2015ean egindako txostenaren arabera, Panamako familia aberatsenen %10ek 37,3 aldiz diru-sarrera handiagoak zituzten herrialdeko familia pobreenen %10ek baino.

Bost urteko agintaldirako hautatu zuten 2019an Laurentino Cortizo enpresari eskuindarra presidente. Berak Errusia eta Ukrainako gerrari egotzi dio erregaien prezioaren igoera, nahiz eta, bistan denez, arazoa askoz egiturazkoagoa den. Protestak geldiarazteko asmoz, gobernuak akordioa iragarri du igandean. Horren arabera, erregaiaren prezioa murrizteko konpromisoa hartu du 6 dolarretik 3,30era [galoi bakoitzeko].

Hala ere, protestek aurrera jarraitu dute, herri mugimenduetako oinarriek astelehenean erabaki baitute igandean adostutakoa ez onartzea, “gutxi batzuen artean” adostutako itun hori ez baitute begi onez ikusten. Bien bitartean, Ekuadorren, Sri Lankan edo Panaman gertatu dena ate joka dago Mendebaldean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA