Rohingyak, bost urte justizia eske

Axier Lopez
0
Errefuxiatu rohingyak exodoaren bosgarren urteurrenean. Argazkia: R. Rahman-Reuters

Bost urte bete berri dira rohingyen (azken) bortxazko exodo handitik. 2017ko abuztuaren 25ean, Myanmarko militarrek sarraskien, bortxaketen eta suteen kanpaina masibo bat hasi zuten haien kontra. Rohingyen artean sortutako beldurraren ondorioz, 750.000 lagunek bizitokia utzi eta Bangladeshera ihes egin behar izan zuten.

Joan den ostegunean, hilak 25, Rohingyen Genozidioaren Oroimen Eguna izan da. “Ankerkerien urtemugak agerian utzi du nazioarteko ekintzarik eza”, adierazi du Human Rights Watchek, Myanmar: ez justiziarik ez askatasunik rohingyentzat bost urte geroago txostena argitaratu ondoren.

2017ko exodoa. Jorge Silva – Reuters

600.000 rohingya inguru bizi dira Myanmarreko –Birmania ohia– erregimen zapaltzailearen pean. Gogoratu behar da 2021eko otsailetik Myanmar junta militar batek zuzentzen duela estatu-kolpea jo ondoren. Ordutik, heriotza-zigorraren erabilera izugarri handitu dela salatu du Amnistia Internazionalak; “agintariei desafio egitera ausartzen diren pertsona guztien aurkako jazarpenerako tresna” bilakatu du Myanmarreko armadak. Uztailean lau pertsona exekutatu zituzten, terrorismoaz eta Gobernuko junta militarrari aurre egiteko miliziei lagundu izanaz akusatuta.
Rohingyak gutxiengo musulmana dira gehiengoa budista duen Myanmarren. Estatuak ez ditu onartzen talde etniko ofizialen artean eta 1982tik herritartasuna ukatu die. NBEk 2017ko kanpaina “garbiketa etnikotzat” jo du. 2017an hondartzetatik eta arroz-soroetatik Bangladeshko hegoaldean sartu ziren milaka rohingya errefuxiatuak batu ziren aurretik Bangladeshen zeuden beste 300.000 pertsonarekin, lehenago izandako beste exodoetatik han bizi zirenak. Horrela, “munduko errefuxiatu-eremurik handiena” osatu zuten, Human Rights Watchek dioenez. Itzulera oso zaila dute oraindik. Myanmarreko egoera politiko oldarkorragatik eta rohingya gehienek ez dutelako ez nortasun legalik ez herritartasunik.

Humanity Auxilium GKEko mediku Mohsina Chakladerren arabera, “errefuxiatu-esparruetara egindako azken bisitetan egiturazko antolaketa handiagoa ikusi dut, baina azpiegiturarik gabe jarraitzen dute (drainatze-sistema egokiak, komunak, ur garbi eta seguruaren hornidura) eta kanpalekuetako lokatz-jausiek mugikortasuna zailtzen dute. Osasun arreta ez da nahikoa pilaketak eta osasungarritasunik ezak eragindako herritarren eskaerei erantzuteko. Cox’s Bazar barrutian bakarrik, Bangladesh mendebaldeko kostaldean, 34 errefuxiatu kanpamentu daude. Han bizi dira bost urtez rohingya errefuxiatu gehienak.

Justizia eta nazioarteko komunitatearen erantzukizun eskaerak bere horretan jarraitzen du.

Cox’s Bazar-eko errefuxiatu kanpamentuetako bat, 2019an. Argazkia: M. Ponir-Reuters
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA