Ez da euria bakarrik

Axier Lopez
0

Hainbat astez montzoi jasa handiak egin eta Pakistango ibai nagusi Indok gainezka egin ondoren, osasun eta elikadura larrialdia eragin dute. Aurreikuspenak ere ez dira oso itxaropentsuak, egoera larria epe luzean gelditzeko aukera baitago. Zenbait adituk diote glaziarren urtze azkarrak, tenperaturen gorakadak eragindakoak, lagundu duela uholde erraldoi horietan.

33 milioi pertsona kaltetu ditu hondamendiak –Pakistango biztanleriaren %15– eta estatua osatzen duten 116 barrutietatik 66tan izan du eraginik. 900.000 abelburu inguru eta 800.000 hektarea lur ereingarri baino gehiago galdu dira. Milaka kilometro errepide eta dozenaka zubi suntsitu ditu. Momentuz, uholdeek 1.200 hildako eta 6.000 zauritu baino gehiago utzi dituzte, baina kopurua handiagoa izan daiteke, laguntza-taldeak Pakistango eremu batzuetan oraindik ezin izan baitira sartu. Gobernuak hondamendi egoera ezarri du kaltetutako zonaldeetan. Eta ironikoa badirudi ere, ur falta –edangarria– da bi probintzia kaltetuenetako biztanleek –Balutxistan eta Sindh– aurrean duten arazorik garrantzitsuena.

Pakistango Planifikazio eta Garapen ministro Ahsan Iqbalek esan duenez, “mundu garatuaren garapen arduragabeak” eragindako klima-aldaketaren biktima direla. Pakistanen munduko biztanleriaren %2,6 bizi da, eta munduko karbono-isurketen %1 baino gutxiago sortzen dute. Konparaziorako, Amerikako Estatu Batuek munduko biztanleriaren %4 baino ez dute eta karbono-isurketen %13 inguru eragiten dute.

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek “energia berriztagarrietan” inbertitzeko eta “naturaren aurkako gerra” amaitzeko dei egin du Pakistandik. “Munduan hondamendi humanitario asko ikusi dut, baina inoiz ez dut neurri honetako sarraski klimatikorik ikusi. Nire herrialdearen azalera osoa, Portugal, halako hiru ur azpian da”. Guterresek salatu duenez, “garapen bidean” dauden hainbat herrialdek, Pakistan kasu, “prezio ikaragarria” ordaintzen dute berotegi-efektuko gasen isurtzaile handien jarreragatik, horiek erregai fosilen aldeko apustua egiten jarraitzen baitute.

Agintariek mugak hesitu eta txarrantxez josi bitartean, sistema kapitalistak eragindako kalteen ondorioek mundura zabaltzen jarraitzen dute, gero eta azkarrago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA