Izugarri aberatsen ekarpen kutsakorra

Axier Lopez
0

Historiak zerbait frogatu badu, hori da gizakiak beste gizakien sufrimenduekiko enpatia selektiboa da. Oso. Orokorrean gertuago daukagunak gehiago eragiten gaitu urrun zaigunak baino. Baina oinarrian dagoena urkoak bizi duen egoeraren gaineko ezjakintasuna izan ohi da. Hau da, gehiago ala gutxiago identifikatzen gara ala geure egiten dugu besteen mina edo poza, horien inguruan dugun pertzepzioaren arabera.

Horregatik, askoz ohikoagoa zaigu entzutea auzora etorri den Saharaz hegoaldeko migratzaileak “gu baino merkeago egiten duenez lan, guztion lanpostuak prekarizatu dituela”, baina, aldiz,  herrialde beretik etorritako gaztea, gure futbol talde kuttuneko golak sartzen dituena urtean 3 milioi euroren truke, putoamoa da. Proiekzio mediatikoa eta enpatia, klasismoa/arrazakeria bikoteari gailentzen zaie, are gehiago proiekzio publiko hori joera klasista eta eurozentrikoa duten hedabideek sortutakoa bada nagusiki.

Horregatik, Oxfmanek berriki zabaldu duen moduko albisteek ez dute inolako ondorio praktikorik izaten: “Milioi asko dituztenen bizimoduek eragiten dituzten emisioak, haien jet pribatu eta yateekin, batez besteko herritar batenak baino milioi bat aldiz altuagoak dira”. Egiptoko Sharm El Sheij hirian Nazio Batuen Erakundeak antolatu duen Klima Aldaketari buruzko COP27 konferentziaren harira zabaldu du ikerketa GKEak.

Horrelako albisteak gehien jota titular morboso izatera heltzen dira, baina, batez ere, ez dute ondorio praktikorik. Eta ez da hala izaten erakunde politiko eta ekonomiko nagusien aginte postuetan daudelako milioi asko dituzten beste pertsona batzuk edo izugarri aberatsen interesekin bat egiten duten politikariak. Ez bederen horregatik bakarrik. Kapitalismo globalaren totem horien existentzia ezbaian jartzeak, merkataritza askea, jabetza pribatua edo “enpresariek sortzen dituzte enplegua eta aberastasuna” bezalako gai delikatuak birplanteatzera eramango gintuzke.

Krisi anizkoitzean murgilduta dagoen mundu honetan, horien artean krisi ekologiko sakonean, munduko 125 pertsona aberatsenen –gehiengoa, gizon zuriak– inbertsioek – 2.400.000.000.000 milioi dolar– 393 milioi tona karbono dioxido (CO2) eragiten dituzte urtero, gizateriaren %90ak baino milioi bat aldiz gehiago. Hori perbertsioa izateaz gain, delitua beharko luke. Baina horretarako, agian, aurrena birplanteatzen hasi beharko genuke zergatik dakigun hainbeste dirudunen bizitzen inguruan, gehiengoarena ez den bizimoduen inguruan, arrakastatzat saldu diguten horiek zergatik diren langile klaseak ikusten dituen telesail, film eta albistegien protagonista nagusi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA