43 urtez botereari helduta

Axier Lopez
0

Milioi eta erdi pertsona baino gutxiago bizi dira Ekuatore Ginean. Espainia izan zen kolonizatu zuen Mendebaldeko azken indarra, harik eta frankismo betean 1968an independentzia politiko formala lortu zuen arte. Baina, gaztelaniaz gain, Francoren forma “demokratikoak” ere bertan geratu ziren. Izan ere, independentzia lortu zuen egunetik bi gobernu bakarrik ezagutu dituzte ekuatoreginearrek, biak autoritarioak eta ustelak. Lehenik, Francisco Macias Nguemaren agintaldi odoltsua, eta 11 urte geroago, 1979an, estatu-kolpe baten ondoren, osabaren aurkako Teodoro Obiang Nguemarena. Elite politiko-ekonomikora eraman zuen osabak iloba, eta ilobak boterera heltzean fusilatu egin zuen. Horrela hasi zen 43 urteko historia, monarkiak kontuan hartu gabe, Obiang bihurtu duena boterean denbora luzeena daraman estatuburua munduan. Eta errekorra areagotu nahi du. Joan den astean hauteskundeak izan dira, eta Obiangen alderdiak botoen %96,31 lortu ditu; bigarrenak, Gizarte Demokraziarako Konbergentziak, berriz, ez du botoen %3 ere lortu.

Ez da ezer berria. 2017ko hauteskundeetan, Obiangek botoen %92 eskuratu zituen, eta Kongresuko eta Senatuko eserleku guztiak eskuratu zituen, bat izan ezik; 2009an, %95 lortu zuen; 2002an, %97; 1996an, %97… Oposizioko kideek ekintzaile askoren etengabeko jazarpena, atxiloketa, tortura eta desagerpena salatu izan dute urtetan, baita hauteskundeetako emaitzen manipulazioa ere. Obiangen erregimenaren aurkako talde gehienak atzerrian daude.

Zura esportatzen zuen herrialde txiki bat izatetik, Saharaz hegoaldeko Afrikako hirugarren petrolio esportatzailea izatera pasa zen. Baina dirutza horrek ez du biztanleriaren bizi-kalitatea hobetu: ekuatoreginearren erdia baino gehiago urtean 25 dolar baino gutxiagorekin bizi da. Herritarren %70ak pobrezia azpitik bizirauten duen bitartean, buruzagiek luxu apartak dituzte. Adibide gisa, presidentearen semearen bizitza. Teodoro Nguema Obiang Mangue Nekazaritza eta Baso ministro izan zen bitartean, herrialdeko baliabide naturalen arpilatzearekin izugarri aberastu zen. Hala, 2017an, Parisko Auzitegi Korrekzionalak bahitu egin zizkion Frantzian 2000. urtearen hasieran erositako ondasunak, 100 milioi euro baino gehiagoko balioa zutenak. Epaiaren arabera, Ekuatore Ginean “funtsak bidegabe erabiliz eta beste praktika ustel batzuk eginez” lortu zituen, besteak beste, Parisko auzorik garestienean urrez bustitako txorrotak zituen jauregitxo bat, Rolls-Roycez betetako garaje bat eta luxuzko dendetako gastuen zerrenda luze bat. 2016an, Suitzako agintariek 67 metroko yate bat eta luxuzko hamabi auto ere konfiskatu zizkioten. Egun herrialdeko presidenteordea da, segurtasun indarrak bere agindupean dituela. Dinastiaren oinordekotza boterean bere eskutik etorriko omen da.

Obiang eta bere emazte Constancia Mangue, 2014an AEBetako presidente Barack Obama eta Michelle Obama emaztearekin.

“Ekuatore Gineako agintariek amaiera eman behar diete giza eskubideen abusu eta urraketei, hala nola torturari, atxiloketa arbitrarioei eta legez kanpoko hilketei”. Horrela mintzo zen Amnistia Internazionala, Obiangek 40 urte bete zituenean boterean. Tutu Alicante ekintzaile erbesteratu ekuatoreginearrak ustelkeria-mafia bezala definitzen du Obiangen gobernua, eta Erdialdeko Afrikan dagoen diktadoreen klubean sartzen du,  “zoritxarrez, bere baliabide naturalek ez ezik, sarritan Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsa bezalako nazioarteko erakundeek ere diruz sostengatuak”.

2017an La Pazen Cóndor de los Andes, herrialdeko omenezko kondekoraziorik gorena, eman zion Teodoro Obiangi Boliviako orduko presidente Evo Moralesek.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA