24 urte baino gehiago igaro dira Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek eta Ipar Irlandako alderdi politiko gehienek, unionista zein errepublikar, Ostiral Santuko akordioa sinatu zutenetik. Akordioak inplementatzen joan dira, eztabaida eta tira-bira askorekin, horren erakusgarri da egun DUP Alderdi Unionista Demokratikoak adostutakoa urratu eta eragin duen blokeo instituzionala. Baina borroka politiko-instituzionaletik harago, sei konderrietako eguneroko bizitzak agerian uzten du bizilagunen artean urte luzez izandako indarkeria eta bazterketa ez direla egun batetik bestera desagertzen. Joan den astean, Ipar Irlandako etxebizitzetan paramilitarismoak eragindako segregazioaren inguruko datuak argitaratu dituzte eta emaitzak oso deigarriak dira.
Justizia Administrazioko Batzordea taldearen independentearen zeregina da “erakunde publikoen jardunak giza eskubideen nazioarteko estandarrekin bat egin dezan” zaintzea eta Daniel Holder da zuzendariaren ondokoa. BBCn gaiari buruz egin dituen adierazpenetan halaxe dio: “Oraindik ere paramilitarren kontrol eta hertsadurak asko baldintzatzen du etxebizitza, Ipar Irlandako politika publikoen arloetako bat dena”. Larderia eta mehatxuei aurre egin behar izaten dien jendearekin lotuta dago, baita banderak edo bestelako elementuak etxeetan paratzen dituzten paramilitarrekin ere, “arrazakeriak mugituta edo sektarioki beldurrarazteko helburua dutenak”.
Holderrek adierazi du hori sarritan gertatzen dela etxebizitza partekatuen promozio berrietan, eta gaineratu du eremu jakin batzuetan intimidazioaren bitartez herritarrak beren etxeetatik kanporatzeko egiazko praktika dagoela”. Azaldu duenez, kasu horiek loialistek kontrolatutako auzoetan gertatzen dira gehienbat, oraindik ere hertsadurak bizirik jarraitzen duen tokietan. Talde disidente errepublikarrak talde loialistak baino “askoz baztertuago daudela” gaineratu du. “Ipar Irlandako gizartean dagoen arrazakeria eta sektarismo guztia ez dute paramilitarrek eragiten, baina zati handi bat bai. Ipar Irlandan eraso arrazista baten biktima izateko arriskua 31tik bat da [gorroto delituen azken berrikuspenaren arabera] eta kopuru hori oso handia da”. Delitu arrazista asko paramilitarismo loialistarekin lotuta badago ere, horri aurre egiteko estrategia publikorik ez dagoela salatu du.
Ipar Irlandako Etxebizitza Exekutiboaren datuen arabera, 2.000 pertsona/familia baino gehiagok alde egin behar izan du bere etxetik 2012tik 2017ra, larderiak edota mehatxuek eraginda.
Paramilitarren tiroak eta jipoiak tortura mota bat dira, Daniel Holderren arabera: “Tortura hitzak esanahi legal oso zehatza du. Lege-estandar horri dagokionez, jendea zigortzeko tiro eta jipoi guztiek ikuspegi hori betetzen dute, eta tortura-ekintzatzat hartu beharko lirateke. Ez dut uste paramilitarismoaren gaia krimen olde gisa jorratu behar denik, paramilitarismoaren kalteak askoz ere handiagoak dira, eta prozesu egokitua eta oso bestelakoa beharko dute” Holderrek argi adierazi du: “Ipar Irlanda lehen baino askoz leku baketsuagoa da, baina hori oso ezberdina da segun eta zein tokitan/auzotan bizi zaren”.