Peru kolpe artean

Axier Lopez
0

Peruko presidente ohi Pedro Castillo kartzelan dago asteazkenetik, salbuespen-egoera deklaratu eta Kongresua desegingo zuela adierazi ostean, beste neurri batzuen artean. Ordu batzuk geroago, Kongresuaren gehiengoak Castillo kargutik kendu zuen. Bera gobernutik aterarazteko hirugarren saiakera zen, baina oraingoan gehiengoa lortu zuten –130 biltzarkideetatik 101 alde–. Borroka exekutibo vs legegile honen irabazlea indar armatuek ebatzi dute: Castillo bere eskoltak atxilotu zuen Mexikoko enbaxadara bidean, asilo eske zihoala. Dina Boluarte presidenteordea da Errepublikako presidente berria.

Milaka pertsona atera dira kalera protesta egitera krisi politiko berri honen aurrean – Boluarte bosgarren presidentea da bi urtean–. Hauteskundeak, konstituzio berria eta Pedro Castillo libre uztea eskatu dituzte manifestariek. Bi pertsona hil ditu Poliziak istiluetan.

Castillo 2021eko uztailetik izan da herrialdeko buruzagitzan. Keiko Fujimori buru zuen (oso) eskuineko alderdia irabazi zuen oso alde txikiarekin: 44.058 boto. Hastapenetan ilusioa piztu zuen ezkerreko sektoreen artean hainbat promesari esker, tartean Alberto Fujimori presidente ohi neoliberal, ustel eta kolpistaren neurrira egindako 1993ko konstituzioa ordezteko batzar konstituziogilea antolatzekoa. Gaur egun Fujimori eta Castillo espetxe berean daude. Orduko giroaren erakusgarri, honela mintzo zen Vargas Llosa hauteskundeak amaitu baino egun batzuk lehenago: “Peruarrek Keiko Fujimoriren alde bozkatu behar dute, Castillok irabazten badu, Kubako eredua ezarriko duelako, eta, beraz, eskuinaren kolpe militarra gerta liteke”.

Gobernura iritsi zenetik, Castilloren aurkako jazarpena eta presioa etengabea izan dira. Eta emaitzak izan ditu: gizarte-mugimendu askok eta ezkerreko mugimendu politiko batzuek, Peru Berria adibidez, aspalditik salatu izan dute Castillok bizkarra eman diela boterera eraman zuten hauteskunde-promesei. Gehiengoa fujimorista eta oligopolio mediatikoen babesa duen parlamentuaren aurrean, Castillok realpolitik delakoa hautatu zuen, eta uko egin zion herrialdea eraldatzeari mugimendu sozialetan babes harturik. Politika neoliberalekin jarraitu du, eskuineko kargu garrantzitsuak ardura postuan jarri ditu, bere alderdiarekin, Peru Librea, harremanak hautsi zituen, eta bizkarra eman zien nazioarteko aliatu posible bakarrei: ardatz bolivartarreko herrialdeei. Gero eta isolatuago aritu da, harik eta kartzelan amaitu arte.

Peru errepublika presidentzialista da, eta presidenteak parlamentua desegin dezake, 134. artikuluaren arabera. Baina, normala denez, hedabide guztiek esan dute Castilloren erabakia estatu-kolpea dela. Horri emandako erantzun politiko-militarrak eragin du egiazko aldaketa bakarra: herritarrek aukeratutako presidentea kargutik kentzea. Peruko elite oligarkikoen konspirazioaz hitz egin dute Mexiko, Kuba eta Boliviako gobernuek, eta ez arrazoirik gabe.

Castilloren noraezak eta akatsek haren ibilbide politikoa hondoratu dute, baina horrek nekez justifikatzen du gobernu berria. Baluartek “2026ra arte” zin egiteak eta hauteskunde berriak ez aipatzeak susmo txarrak eragin ditu herritar askoren artean. Hori dela eta, gobernuaren aurka egiten ari diren protestei erantzunez, presidente berriak salbuespen egoera ezarri du zenbait zonaldetan eta iragarri hauteskundeak 2024ko apirilera aurreratzeko lege-proiektu bat aurkeztuko duela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA