Duela lau urte Juan Guaidók bere burua Venezuelako behin-behineko presidente izendatu zuen, herritarrek hautatu gabe. Ohiz kanpoko mugimendu bat, eskura izan dituen modu guztiak erabili izan dituen oposizioaren aldetik, aurrena Chavezen gobernua botatzeko eta ondoren Madurorena. Estrategia horien artean, indarkeria eta kolpismoa ere izan dira.
Ordura arte ezezaguna zen Juan Guaidó politikari eskuindarrak buru zuen “gobernu legitimoaren” sorrerarako bi zutabe izan ziren oinarrizkoak. Alde batetik, eta gehien bat, AEBetako Gobernuaren sostengua, eta, beraz, nazioarteko komunitatea delakoaren zati handi batena, tartean Pedro Sanchezen gobernuarena eta Urkullurena, Iñaki Anasagastiren EAJk bultzatuta. Eta beste alde batetik, garai hartan batasunez ziharduen oposizioaren askotariko alderdien babesa. Mundu mailako kanpaina mediatiko indartsuaren ondoren, hainbat herrialdetan egindako bira barne – askok estatus ofiziala eman zioten ezerezetik sortutako “gobernuari”–, Guaidóren bluff-a husten hasi zen, gaur egun ia desagertu den arte.
Lau urteotan nazioartean babes handia galdu du. Guaidóren babesle nagusiak aspaldi utzi zion Maduroren gobernuari diktadura esateari, batez ere AEBak Venezuelako petrolioa berriz ere erosten hasi zirenetik. Egun batetik bestera diktadore izatetik bazkide komertzial bihurtu zen. Azken urteotan Argentina, Mexiko, Peru eta, oraintsuago, ezkerreko gobernuen etorrerarekin, Kolonbia edo Txile bezalako herrialdeen babesa ere galdu du.
Barne-mailan ere kaltetuta atera da apustua. Asteazken honetan, 2019an Guaidóren autoaldarrikapena babestu zuten 112 oposiziogileetatik 69k sinatutako komunikatu baten bidez, Guaidóren “behin-behineko gobernuaren” funtzioak bertan behera uzteko eskatu dute. Lau urteren ostean, esperimentua ahuldu egin dela esan dute, “hasieran planteatutako aldaketa politikorako helburuak lortu gabe”. 2019az geroztik, Venezuelako Gobernuaren eta oposizioaren artean sortutako Elkarrizketa Nazionalerako Mahaiak akordio esanguratsuak lortu zituen, eta horrek are gehiago ahuldu zuen Guaidóren bidea.
Gauzak horrela, Guaidóren sasi-gobernua konponbidea baino gehiago, arazoa da egun haren lubaki-kideentzat, eta horregatik, oposizioan dauden alderdi batzuek primarioak egin nahi dituzte 2023an, 2024rako aurreikusita dauden presidentetzarako hauteskundeetan Maduroren aurrean hautagai bakarra aukeratzeko.
1 Iruzkin
Maduroren oposizioko sinatzaileak esan dute hasieran planteatutako aldaketa politikoa ez dutela lortu. Noski ez dute esango doilor, kriminal eta kolpistak dirazenik.
Bestalde, PNVkoak diraz abertzale orijinalak eta ez kopia eskazak beste batzuen modura, PNVko presidentearen esanetan. Eta abertzale zapalduak izatetik nahi dute aberri zapaltzaialeak izatera pasa?