Ez ezkerrak, ez ultraeskuinak, Txilen ez dute diktadura garaiko Konstituzioa aldatzerik izan, eskuindarren pozerako noski. Igande honetan txiletarren gehiengoak berriro esan dio ezetz Konstituzio proposamen berri bati.
Konstituzioa aldatzeko lehen proposamena kalean protestan ziren herritarrek eta herri mugimenduek bultzatu zuten, Gabriel Boric aurrerakoia presidentetzan zela jada. 2022ko irailaren 4an izan zen bozketa eta boto-emaileen %62k baztertu egin zuen. Azken proposamenaren sustatzaile nagusi Jose Antonio Kast izan da, Pinocheten erregimenaren nostalgikoa, duela egun batzuk Santiago Abascalekin selfieak egiten ari zena, beste burkide fatxa-friki bat Argentinako presidente kargua hartzen ari zela. Konstituzioa aldatzeko bigarren proposamen honek ere ez du aurrera egin: igandean boto-emaileen %56k ezetz esan du. Beraz, diktadura militarretik (1973-1990) datorren Lege Nagusiak indarrean jarraituko du.
Dena den, ezin dira bi prozesu konstituziogileak alderatu. Azken hau erabat desberdina izan da aurrekoaren aldean. Proposamena askoz atzerakoiagoa izateaz gain – migratzaileen zigorra gogortzea eta abortuaren legea berrikusi ahal izatea, tarteko–, prozesuan herri-sektoreek ez dute ia inolako eraginik edo parte-hartzerik izan. Ezkerrak sustatutako prozesua, aldiz, 2019 amaierako eta 2020 hasierako matxinada sozialen ondoren sortu zen. Azken hau egungo kasta politikoren kontrolpean garatu da, eta horregatik analista askok azpimarratu dute deskonexio hori, Txileko gizartearen zati handi batek “politikarien kontu baten” modura ikusi duela prozesua.
Igande honetako emaitza positibo bakarra da Kasten Alderdi Errepublikano ultraeskuindarraren asmoak porrot egin duela; izan ere, gobernuaren kudeaketari buruzko plebiszitu bihurtu nahi izan du bozketa eskuinak. Azpimarratzekoa da, aurreko erreferendumean ez bezala, Boricek eta bere gobernuak ez dutela kanpaina aktiborik egin proposamen konstituzional atzerakoiaren aurka bozkatzeko. Jarrera “neutrala” izan dutela diote, politikan hori posible baldin bada.
Etorkizuna zalantzazkoa da. Emaitzen ostean, Carolina Tohá presidenteorde eta Barne ministroak aditzera eman du beste prozesu konstituziogile bat egiteko aukera itxita dagoela, “oraingo beharrak beste batzuk direlako”.
Txilen gertatzen ari dena aztertzeko modukoa da. Hiru urte eskasean, bi prozesu erabat kontrajarri bizi izan ditu herrialdeak. Matxinada eta altxamendu sozial ikaragarriak izan ziren, sistema kolokan jartzeko gai izan zirenak, baita –emakume maputxe baten presidentetzapean– prozesu konstituziogilea abiatzeko ere. Eta hortik, denbora gutxian, mezu erabat neoliberal eta ultraeskuindarrak bere egin dituen eskuina berpiztu zen eta herrialdean izan diren azken hauteskundeak irabazi ditu, Konstituzio Kontseilurako ordezkariak aukeratzeko maiatzean izandakoak.
Baina, hala ere, ez batzuek ez besteek ezin izan dute aldi bateko beren nagusitasuna ezarri eta herrialdeko testu nagusia aldarazi. Eskuinak azken round-a galdu du, baina ezkerrek soken kontra jarraitzen dute.