Europako dirua eta formakuntza, errepresiorako Senegalen

Axier Lopez
0
EBko enbaxadorea Senegalen Irene Mingasson eta Senegalgo indar armatuen ministro Sidiki Kaba, GAR-SI-ko kideen aurrean 2019ko apirilean. Argazkia: UE Senegal

Al Jazeera hedabideak eta Fundación porCausa erakundeak berriki egindako ikerketaren arabera, Europar Batasuneko funtsekin sortu, hornitu eta trebatutako Senegalgo GAR-SI terrorismoaren aurkako unitate berezia, aldaketa demokratikoen aldeko eta ustelkeriaren aurkako protestak zapaltzeko baliatu du Senegalgo Gobernuak. Herritarren mobilizazio horiek nagusiki izan dira oposizioaren ordezkari nagusi Ousmane Sonkoren jarraitzaileek sustatutakoak. 2021etik, Sonkoren aurkako epaiketak eta ondorengo epaiak manifestazioak eta istiluak eragin dituzte herrialde osoan.

GAR-SI taldeko kideek gas negar-eragileak jaurti zituzten Sonkok iazko maiatzean antolatutako protesta-karabana baten aurka. Leku hori ehunka kilometrotara zegoen, EBk finantzatutako unitate horiek jardun behar zuten tokitik: Malirekiko muga, “mugaz gaindiko krimenaren aurka” borrokatzeko. Senegalgo elite talde horrek prestakuntza eta tutoretza jaso ditu, “ETAren aurkako borrokan izandako esperientziagatik“ Euskal Herrian ezaguna zaigun Espainiako Guardia Zibilaren GAR unitateen eskutik, Europako beste indar batzuen artean.

Sonkoren jarraitzaileak 2023ko ekaineko mobilizazioetan. Argazkia: AP

Krisia eta exodoa
Herrialdeak krisi politiko eta ekonomiko larria bizi du. Otsailaren 25ean egitekoak ziren hauteskundeak atzeratu ditu Macky Sall presidenteak. Atzerapena “kolpe konstituzionaltzat” jo zuen oposizioak. Azkenik, Konstituzio Kontseiluak Sall-en erabakia ezeztatu du, eta ordutik, hauteskundeak noiz antolatu zain daude herritarrak. Sonkori bozetan parte hartzeko eskubidea kendu diote eta, beraz, Bassirou Diomaye Fayeri babesa eman dio. Diomaye ere atxilotuta dago, baina bere hautagaitza, momentuz, onartu diote.

Inflazio larriaz gain, arrantza gutxitzen ari da. Familia askorentzat jarduera ekonomiko nagusietako bat da, eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera, arraina eta itsaskiak senegaldarren elikaduran animalia-proteinaren %40 baino gehiago dira. Arrantzaren murrizketaren atzean daude gehiegizko ustiapena, legez kanpoko atzerriko arrantza eta industria handien monopolioa.

Hala, askok etorkizun hobearen bila jo du kanpora. Prezio altuegia ordainduta, ordea. Hogei pertsona baino gehiago hil eta dozenaka desagertuta daude, otsailaren 28an Kanariar uharteetara iritsi nahi zuen ontzia Senegalgo kostaldean hondoratu ostean. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera, mila pertsona inguru hil edo desagertu ziren 2023an Kanarietako bide horretan. Alegia, batez beste, bederatzi ordutik behin pertsona bat hil zen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA