Armetako Estatu Batuak

Axier Lopez
0

Indarkeriak beti indarkeria gehiago sortzen du. Pernandoren egia da hori, baina esaldian subjektuak falta dira. Zein da indarkeria sortzen duena, zeinek jaso eta areago, zeinek sustatzen du.

Ameriketako Estatu Batuak gaur gaurko munduko lehen potentzia dira, arrazoi bakarrarengatik: indarkeria. Ekonomiaren eta geopolitikaren arloetan beheranzko joera argiek hegemonia hori ezbaian jarri dute azken urteotan, baina munduko sheriff-a izaten jarraitzen dute biolentzia eragiteko gaitasunagatik. Munduko aurrekonturik handiena bideratzen dute –izena erabateko eufemismoa den– “Defentsa” sailera. 2024an 886.000 milioi dolar. Munduko herrialde guztien gastu militarra batuko bagenu, AEBena ia %40 litzateke, Stockholmeko Bakerako Nazioarteko Ikerketa Institutuaren datuen arabera.

Dirutza horrek nagusiki bi jasotzaile ditu: hatza eta kolpekaria, armada eta armagintza. Bikote horrek egiten du posible gizarte osoa bustitzen duen indarkeria giroa. Arma gehiago, biolentzia gehiago, eta, ez dezagun ahaztu, negozio handiagoa. AEBetan bertan, eta kanpoan ere bai. AEBetako Michigango Unibertsitateko ikertzaileek berriki egindako ikerketa baten arabera, AEBek suzko arma gehiago fabrikatzen dituztenean, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko herrialdeetan gora egiten du su-arma bidezko hilketa kopuruak. Armak ekoizteaz gain, batez ere saldu egiten dituztelako. Eta asko.

Ikerketak erakutsi duenez, 1991tik 2019ra bitartean, AEBetan su-armen urteroko ekoizpena milioi bat unitate handitu ahala, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko herrialdeetan 1,42 puntutan handitu ziren hilketak 100.000 pertsonako. Gutxi gorabehera, su-armekin lotutako 3.020 hilketa gehiago, AEBek merkaturatzen duten milioi bat arma gehiago bakoitzeko. AEBetako Alkohola, Tabakoa, Su-armak eta Lehergailuak Departamentuaren arabera, 2020an Erdialdeko Amerikan atzemandako armen %68 AEBek egin edo inportatu zituzten. Mexikoko gobernuak berak ere kereilak jarri izan ditu AEBetako armagintza enpresen aurka, “merkataritza praktika arduragabeak” leporatuta, legez kanpoko trafikoarekin eta mafiekin “elkar bizi” direlako.

Su-armen eskuragarritasuna handitzearen eta su-armek hildakoen arteko erlazioak agerian uzten ditu indarkerian oinarritutako eredu ekonomiko kapitalistak mundu zabalean dituen ondorioak. Tamalez, Europa ere norabide horretan doa, Ukrainako gerraren ondoren NATOk emandako aginduei jarraituta: armen sorkuntza bizkortzea eta aurrekontu publikoetatik diru gehiago bideratzea gerrara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA