Sua eten da, okupazioa ez

Axier Lopez
0
Gazako Rafah hirian su-etena ospatzen. Argazkia: Anadolu agentzia

470 eguneko genozidioaren ostean, su-etena indarrean sartu da Gazan. Itunaren lehen faseak 42 egun iraungo luke. Etapa horretan 33 israeldar eta 1.890 palestinar aske uztea eta egunero laguntzaz betetako 600 kamioi Gazara sartzea aurreikusten da. Okupazio indarrek Zerrendako eremu populatuetatik bakarrik erretiratu beharko dute, eta egunean hamalau orduz jarraitu ahal izango dute aireko “zaintza” operazioekin.

Bigarren fasean, bahitu eta preso gehiago aske uztea eta Israelgo armada beste eremu batzuetatik erretiratzea aurreikusten da, baina puntu horiek ez daude hain zehaztuta, eta xehetasun handiagoz negoziatu beharko dituzte datozen egunetan.

Hau da, akordioa oso ahula da. Izan ere, Netanyahuk azpimarratu duenez, Trumpek ziurtatu dio “su-etenaren aldi baterako izaera”. Trumpek zein Bidenek “erabateko babesa” eman diote Gazan genozidioa berriz abiatzeko, “Israelek bigarren faseko negoziazioak inora ez doazela uste badu”. Halere, horretarako ez dago urrutira begiratu beharrik. Azaroan hitzartu zen Libano hegoalderako su-etena, eta Israelgo Armada akordioa urratzen ari da etengabe, eraso militarren bitartez.

Oro har, nahiz eta preso eta bahituen trukea egon, eta gazatarrak orain beldur gutxiagorekin suntsituriko kaleetara irten, sakoneko arazoa, okupazioa, ez du su-etenak konponduko.

Nork agintzen du hemen?
Trumpen eta Bidenen taldeek euren gain hartu nahi izan dute su-eten akordioa. Trumpen ordezkari Steve Witkoff-ek egindako gestioen garrantzia azpimarratu dute Israelgo hainbat komunikabidek. Edonola ere, argi ikusten da, interesa izanez gero, AEBak gai direla Netanyahuren gainetik jartzeko, eta aldez aurretik berak errefusatu zuen zerbait orain onar dezan. AEBen nahia beti izan da zonaldea baketzeko –mendean hartzeko, alegia– gai den bazkide egonkorra edukitzea. Trumpen lehen agintaldian negoziatutako Abraham Akordioak logika horretan adostu zituzten: herrialde arabiarrek Israelekin zituzten harremanak “normalizatzeko”. Baina genozidioak erabat deslegitimizatu egin zuen Israel lan horretarako.

Beraz, ez dira gutxi pentsatzen dutenak Netanyahu oztopoa dela “normalizazioaren” estrategia horretan. Baina, jakina, AEBetako gobernuaren barruan ere badira Mendebaldeko Asia kontrolatzeko irtenbide bakarra indarkeria dela defendatzen dutenak, Afganistan, Irak, Siria edota Yemenen ondotxo dakitenez.

Marmotaren eguna
Sionisten okupazio, zapalkuntza, segregazio eta krimenen etenalditxoa ikusiko dugu egunotan. Su-etenek biziak salbatzen dituzte eta, beraz, poza agertu da Gazan. Baina azken bi hamarkadetan Israelgo armadak Gazan sarraskiak egin ditu 2004, 2006, 2008-2009, 2011, 2014, 2018, 2019 eta 2021ean. Urte horietako bakoitzean lortutako su-eten itunek ez zuten balio izan sionisten hurrengo sarraskia eragozteko.

Erresistentzia ez dute garaitu eta askapen nazionaleko borroka guztietan bezala, errepresioa zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta gehiago indartzen dira erresistentzia armatuak. Baina oraingoan testuingurua okerragoa da palestinarrentzat. Erresistentzia berrantolatu beharko dute, suntsituriko herrialde batean, baja askorekin eta, batez ere, eskualdearen egoera askoz kaskarragoa izanik. Siria fundamentalisten eskuetan dago, iparraldea gerran, mertzenario turkiarrek okupatua, eta hegoaldean sionistek lur gehiago lapurtu dute. Libano krisi betean da, Hezbola oso kaltetuta dagoela. Eta Iran inperialismoaren jo-puntuan dago.

Dena dela, akordio hau porrota da Israelentzat, Libanon negoziatutakoa bezalaxe, eta kolonoen eta eskuin muturraren presioa gero eta handiagoa da. Netanyahuk ezarri zituen helburuak ez dituzte lortu, Hamas eta Hezbola ez dituzte desagerrarazi, eta palestinarrek ez dute masiboki beren lurretik alde egin. Izan ere, palestinarrek diotenean erresistitzea garaitzea dela, ez da kapritxo hutsa, estrategia baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA