ETA-ko Zaharra komandoa, Neguriko ybarratarrak eta Amazon

Axier Lopez
0

Oriol Malló kazetari eta idazle katalanak ondu duen BBVAren liburu beltzaren 600 orrietan informazio asko eta askotariko ertzak daude. Tartean, Euskal Herriko historiaren pasarte oso esanguratsuak, gaur egungo perspektibarekin ikusita, “zenbat aldatu diren gauzak, kamarada!” topikoari arrazoi guztia emateko modukoak. Ondokoa da horietako bat.
Liburua sakonean jorratu dugu 262. Larrun aldizkarian: Euskal kapitalismoaren kontakizun bat

ETApm-ko Bereziak taldeko Zaharra komandoa Neguriko etxe batera sartu zen 1977ko maiatzaren 20an. Lau neskame eta maiordomoak eta familiako seme-alabak lotu eta mozala jarri ondoren, autoz ihes egin zuten Javier Ybarra Bergé haiekin zeramatela.

Neguriko txalet horretan bizi zen Javier Ybarra eta handik bahitu zuen ETAko komandoak.

Faxisten alde borrokatu ostean, Francoren Mugimendu Nazionaleko kontseilari, Bizkaiko Diputazioko buru eta Bilboko alkate izan zen Javier Ybarra, baina batez ere, ikur zen, Euskal Herriko oligarkiaren sinboloa: Iberduero eta Banco de Vizcayako kontseilaria eta Babcock Wilcox enpresako presidentea zen, besteak beste.

Hala justifikatu zuen ETAk bahiketa komunikatuan: “Javier de Ybarra jaunaren atxiloketarekin, egungo estatu zapaltzailearen funtsezko zutabeetako bat jo dugu: oligarkia. Javier de Ybarra jauna, Espainia estatuko klase nagusiko kide ezaguna da, botere ekonomiko eta politikoaren adibide kualifikatua, oraindik ere “bunker” frankistaren maila gorenekin estuki lotua. Familia eta finantza loturak ditu Oriol, Churruca eta beste leinu ezagun batzuekin, eta horiek guztiak euskal langileek pairatzen duten ustiapen-sistemaren eragileak dira.”

ETAk mila miloi pezeta eskatu zizkien Neguriko familiei Ybarra askatzearen truke. Seme nagusiak “askapen batzordea” sortu zuen. Luis Maria de Ybarra Vizcaya bankuko presidenteordeak gomendatu zion bankuaren “nukleo gogorrarekin” hitz egitea, bahituaren senidez osatuta zegoen eta. Bilbao bankuko familiako beste adar batek zuzentzen zuen, Emilio Ybarra Churruca goi kargua zela. Kudeaketa ugariren ondoren, bi banketxeak 25 milioi maileguan uzteko prest azaldu ziren, eta Neguriko pertsona gutxi batzuk baino ez ziren prest agertu diruz laguntzeko.

1977ko abenduan Babcock Wilcoxeko langileek egindako manifestazio bat Vizcaya bankuaren aurrean, gobernua presionatu eta enpresa sal ez zezaten eskatzeko.

Ibarraren bestaldean, Ybarraren enpresako langileek asanblada egin zuten erabakitzeko ea ugazabaren askatasuna publikoki eskatu ala ez. Babcock Wilcox, La Balco, industria astunaren ikurra izateaz gain, lan gogorraren truke eskubideak, ekonomatuak eta etxebizitza lortzeko sinboloa ere bazen, Neguriko diruzaleen aurkako langile borrokari esker. Horrela agian hobeto uler daiteke 3.000 langile baino gehiagok, eskua altxatuta, erabaki zutena. Hainbatek Ybarrari eta bere azpikeriei buruzko iritziak eman ondoren, ezezkoa izan zen langileen erabakia. Nahiz eta haiek oso ondo jakin Ybarrari gertatuko zitzaiona enpresaren etorkizunean ere eragin zuzena izango zuela. Horrek argi uzten du langile borrokaren tenperatura garai hartan.

Javier Ybarrari bizkarra eman zioten bi klase antagonikoek. Haren gorpua ekainaren 18an agertu zen Barazarko gainean.

Asko aldatu da Ezkerraldea ordutik hona. Eta horren erakusgarri da Babcock Wilcox-en aldaketa. Aberastasuna sortzetik prekaritatea banatzera pasa da, Amazonek Euskal Herrian duen gune logistikorik handiena ezarri baitu Trapagarango orube hartan.

Hainbat murrizketaren ondoren, 2011an itxi zituen ateak behin betiko Babcock Wilcox fabrikak Trapagaranen. Orube horretan ari da lanean Amazon 2019tik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA