Kazetaritza, espioitza eta heriotza

Axier Lopez
0
Lourdes Maldonado Mexikoko presidentearen aurrean bere kasuaren berri ematen, 2019an.

El Faro 1998an San Salvadorren jaiotako hedabide bat da, Erdialdeko Amerikako lehen egunkari natiboa Interneten. Bere eslogana hauxe da: “Boteretsuek gezurra esaten dutenean, kazetaritza ez da isilik geratzen”. Hilaren hasieran jakitera eman dute El Faroko 22 kideren komunikazio pribatuak zelatatu zituztela 2020tik 2021era bitartean. Kazetarien, editoreen eta administrazioko langileen telefonoek 226 kanpoko esku-hartze izan zituzten, Torontoko Unibertsitateko zibersegurtasunean espezializatutako Citizen Lab laborategiak gidatutako txostenaren arabera. Erasoak egin zituzten espioitzarako software ezagun baten bidez: Pegasus, NSO Group enpresa israeldarrak garatutakoa. Pegasusek telefonoan dagoen informazio oro xurgatzeko aukera ematen du: elkarrizketak, fitxategiak, argazkiak, audioak, kontaktuak… NSO Groupek adierazi du Pegasus programa gobernuei baino ez diela saltzen, eta betiere Israelgo Defentsa Ministerioaren baimenarekin. Hori dela eta, El Farok zelatatzea Nayib Bukeleri leporatu dio, ustelkeria kasuz eta jarduera autoritarioz josita dagoen El Salvadorreko gobernuaren buruari.

17 hilabetez etenik gabe luzatu den jazarpena izan da hedabidearen langileen erdiaren baino gehiagoren aurka. Jarraipenen denbora tartean El Farok hainbat ikerketa-lan plazaratu zuen. Besteak beste, gobernuaren eta pandillen arteko negoziazioa, pandemiaren kalteak arintzeko asmoz gobernuak banatu zituen elikagaiak espetxeetako zuzendariak lapurtu izana, El Salvadorren Bitcoin-a ezartzeko asmoz Bukele presidentearen anaiek egindako ezkutuko negoziazioak edota gobernuko funtzionarioen ondasunak agerian utzi zituztenekoa.

Mexikon hirugarren kazetaria hil dute

“Laguntza eta justizia eskatzera nator, nire bizitzaren beldur ere banaiz eta”, esan zion Lourdes Maldonado kazetariak duela hiru urte Andrés Manuel López Obradorri aurrez aurre, Mexikoko presidenteak egunero egiten duen agerraldietako batean. Telebistan eskainitako saio horretan, Obradorrek babesa eskaini eta kasua ikertuko zutela esan zuen. Astelehenean tiroz josi zuten bere autoan zihoala.

Lourdes Maldonado Kalifornia Behereko estatuaren babespean zegoen, lan gatazka baten harira Jaime Bonilla estatuko gobernadore ohiari auzitegietan aurre egin ondoren. Joan den ostegunean bertan, Maldonadok jakinarazi zuen prozesu judiziala irabazi zuela Bonillaren jabetzakoa den Primer Sistema de Noticias (PSN) enpresaren aurka. Astelehenean hil egin dute, urtarril honetan Mexikon hil duten hirugarren kazetaria, Margarito Martínez fotokazetariarekin eta Inforegio hedabide digitalaren zuzendari José Luis Gamboa Arenasekin batera.

Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) erakundearen arabera, gutxienez zazpi kazetari hil zituzten Mexikon 2021ean. Eta zenbait ikerketaren arabera, azken bi hamarkadetan 150 kazetari inguru hil dituzte.

Izan ere, batzuetan ahazten bazaigu ere, egiazko kazetaritza –gizartea eraldatzeko eta hobetzeko lan egiten duena– oraindik orain arrisku handiko lanbidea da munduko txoko gehienetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA