Sinn Féin-ek (SF) Ipar Irlandako hauteskundeak irabazi ditu, historian mugarria ezarriz. alderdiaren iparraldeko buru Michelle O ‘Neill-ek eskura dauka lehen ministro izatea, Sei Konderrietako autonomia artifizialaren 101 urteko historian politikari nazionalista batek inoiz lortu ez duena. Garaipen honek berretsi du SF-ren asmo nagusia: mugaren bi aldeetan lehen indar bilakatu eta gobernuak eskuratzea. Hori hiru urte barru lor lezake, Irlandako Errepublikako hauteskundeak izango baitira.
SF-k botoen %29 lortu du, 2017ko bozetan baino 1,1 gehiago. Alderdi unionista nagusiak, DUPek, orain arte indarrik bozkatuena izan denak ageriko jaitsiera izan du: %21,3 (-6,7). Hirugarren postua zentro liberaleko Aliantza alderdiak eskuratu du, unionista-nazionalista dikotomiatik kanpo kokatutako indarrak %13,5 lortu du (+4,5). Azken urteotako indar korrelazioaren aldaketa agerikoa da. 2017an, Ipar Irlandako Asanblean gehiengoa galdu zuten lehen aldiz unionistek eta bost urte eta gero aldea handitu egin da. Aliantza alderdiaren igoeraz gain, hauteskundeek unionismoaren zatiketa berretsi dute.
DUP “aurkakoen” alderdi bilakatu da. LGTBI kolektiboen eskubideen aurkakoa, abortu eskubidearen aurkakoa, migratzaileak hartzearen aurkakoa, erreferendumaren aurkakoa, eta orain Ostiral Santuko Akordioek agintzen dutenaren aurkakoa ere bai. DUPek botere partekatuko gobernuari boikot egiteko mehatxu egin du. Ostiral Santuko Akordioen arabera, lehen ministro nagusia boto gehien lortu duen alderdiari dagokio, eta lehen ministro nagusiaren ondokoa, bigarrenari. Biak dira beharrezkoak Asanblea eratzeko. DUPen baldintza da gobernu britainiarrak eta Europar Batasunak aurrerapen handiak lortzea Brexit-aren osteko merkataritza-elkarrizketetan. Izan ere, unionistek uste dute muga bat ezarriko dutela Irlandako iparraldearen –neurri handi batean EBko eremu komunaren barruan egongo litzatekeena– eta “apurtezina” zaien Erresuma Batuaren artean.
SF-ko Michelle O ‘Neillek adierazi du “beste batzuekin lankidetzan” lan egin nahi duela herritarrei eragiten dieten arazoak konpontzeko, hala nola, “bizitzaren kostua edo osasun sistema”. SF-k kanpainan Irlandaren batasunaren gaia alde batera utzi nahi izan du eta gai sozioekonomikoetan jarri du indarra, hezkuntza edo energia-fakturaren igoera kasu. Hala ere, hauteskundeetako emaitzak baloratzeko agerraldian, Mary Lou McDonald presidenteak adierazi du SF-k uhartea bateratzearen alde lan egingo duela, baina “modu planifikatu, ordenatu, demokratiko eta erabat baketsuan” egin behar dela. Bere asmoen arabera, bi erreferendumak (bata iparraldean eta bestea hegoaldean) “bost urteko epean” egin litezke.
Brandon Lewis Irlandako iparralderako ministro britainiarrak DUP-i eskatu dio ministrorde nagusia izateko hautagaia aurkez dezan, “Ipar Irlandako Gobernu autonomoaren instituzionaltasuna berreskuratzeko”. Irlandaren batasunari buruzko erreferenduma baztertu egin du, “unionisten botoen baturak handiagoa izaten jarraitzen duelako”. DUP, UUP eta TUV alderdien artean botoen % 40,2 lortu dute.
Erresuma Batuaren menpeko herrietako indar subiranistek aurrerapausoa eman dute hauteskundeetan. Sinn Féinen garaipen historikoaz gain, Eskozian SNPk inoizko emaitzarik onenak lortu ditu tokiko hauteskundeetan, 1.227 eserleku lortu ditu (+23). Galesen, Plaid Cymru hirugarren indarra da zinegotzitan (202), laboristen (526) eta independenteen (316) atzetik.